Hondakin organikoaren bilketa Grosen ekaina arte atzeratuko da
Apirilaren 2a jo zuten hondakin organikoak bilduko dituzten edukiontziak Groseko kaleetan barrena zabaltzen hasteko eguna. Hilabete igaro da, ordea, eta edukiontzien arrastorik ez dago. Egitasmoa ez da bertan behera geratu, atzeratu baizik. Miguel Angel Diez Ingurumen zinegotziak egunkari honi adierazi dionaren arabera, ekainaren hasieran helduko dira edukiontzi marroiak Grosera.
Denera, 38 edukiontzi marroi izango dira Groseko kaleetan zehar barreiatuko dituztenak. Zein lekutan joango diren zehatz-mehatz jakitea falta da, nahiz eta orokorrean zein eremutan jarriko dituzten aurreikusi duten. Konposta egiteko, hala ere, edukiontziak bai, baina barazki, haragi, arrain eta bestelako janari hondarrak bereiziko dituzten familiak behar dira. Konposta kalitatezkoa izan dadin, hondakin organikoen bereizketa zuzen egitea beharrezkoa da; hori dela eta, egitasmoan parte hartzen duten familiek edukiontzia zabaltzeko giltza eskuratzen dute. Orain arte izena eman dutenen artean, mila familiatik gora direla jakinarazi du zinegotziak.
Ekimenak inongo arazorik gabe aurrera egin dezan, desiragarriena Grosen dauden 19.000 bizilagun ingurutik %30k parte hartzea litzatekeela zehaztu du Miguel Angel Diezek. Oraindik, halere, izena emateko aukera dago. Informazioa jaso edota giltza eskuratzeko gogoz direnak Okendo kultur etxera edota Agirre Miramon kaleko zerga bilketa bulegora hurbil daitezke.