Bonsai erraldoiak
Hiriko landare eta zuhaitzek udaberria bete-betean sartuta dagoela gogoratzen dute uneoro. Parke eta plazetan dauden arbolek ematen dute sasoiaren berri, baita lur azpiko aparkalekuen gainean landatutakoek ere, Santa Katalina kalean dauden platano lotuak kasu.
Itxura ona dute Okendo aparkalekuaren gaineko zuhaitzek. Herri Lan eta Proiektuen saileko Marian Salaberriak azaldu duenez, «hostoak-eta oso ondo irten dira aurten».
Udalaren Herri Lan eta Proiektuen sailekoek gogorarazi dutenez, duela pare bat urte sartu zituzten platano hauek. Errotzea behar bezala gerta zedin, altzairuzko kableekin finkatu zituzten. Hain zuzen ere, tamaina handiko arbolak baitziren orduan ere, eta zurkaitzak ez baitira kasu horietan egokiak landareok zuzen haz daitezen.
Santa Katalina kalea gune berezia da zuhaitzak hazteko. Izan ere, azpian aparkalekua izateak zailtasunak ekartzen baititu. Salaberriak azaldu du muga hauei aurre egiteko «neurri asko» hartu dituztela. Besteak beste, etengabeko kontrola eta lurraren drainatzea bereziki zaindu dituzte.
Lur gutxi izaten duten bonsaien moduan, erdialdeko zuhaitz hauen kasuan oso ondo zaindu dute lurraren kalitatea. Elikagai asko duen zorua behar dute, oso eremu txikian landatuta daudelako; hain zuzen ere Japoniako miniaturek bezala.
Kableak kentzeko azterketa
Udaberri honetako hostoek platano hauek ondo errotu direla diote. Hala ere, Salaberriak azaldu duenez, urtean aurreraxeago, egingo dute beharrezko azterketa hori hala den ziurtatzeko. Emaitzen arabera erabakiko dute ere zuhaitzak zuzentzen dituzten kableak kendu ala ez.
Kalean egonagatik, zuhaitzek etengabeko zaintza eta gainbegiratzea behar dituzte. Hain zuzen ere, bonsai errald