Eskola Bidea ekimena bizikleta gainera igoko da datorren ikasturtean
Eskola Bidea ekimenaren adarrak zabalduz doaz. Altzako eta Martuteneko ikasleak izan ziren aitzindariak. Intxaurrondoko eta Groseko umeek ere ikusi dute eskolara oinez hurbiltzeak dituen abantailak. Eskola Bidea ekimena sustatzen duen Mugikortasun sailak, ordea, ez du gurasoen laguntzarik gabe ibiltzeko gazteegiak diren haurrengana bakarrik iritsi nahi. Gazteek ere autobusa edo autoa bizikletagatik ordezkatzeko lanean ari da datorren ikasturteari begira.
Maravi Dafauce Mugikortasun zinegotziak azaldu duenez, bigarren hezkuntzako ikasleak izan daitezke eskolara bizikletaz iristeko aproposenak. Hala nola, Antiguako Luberriko ikasleak jo ditu ekimenarekin bat egiteko aproposen. Izan ere, bigarren hezkuntza eskaintzen duten institutu batzuetan ikastetxe desberdinetako ikasleak elkartzen dira. Luberrira, besteak beste, Parte Zaharrean dagoen Orixe ikastolako gazteak doaz. Era horretan, ikastola inguruan bizi direnak Antiguaraino bizikletaz joatera animatu nahi dituzte.
Horrekin batera, bizikletaren erabilera are gehiago zabal dadin, maileguan hartzen diren Dbizi sistemaren baldintzak egokitu nahi ditu Mugikortasun sailak. Dafauceren hitzetan, Dbizin izen emateko, 14 urtetik beherakoa izatea derrigorrezko da egun. Bada, adin muga 12 urtera jaisteko lanean ari direla jakinarazi du zinegotziak.