Euskararen osasuna, pantailan
Behatokiak hizkuntzarekin zerikusia duten ehunka kexa jasotzen ditu urtean. Hainbat donostiarrek ere jotzen dute honetara, Administrazioarekin nahiz erakunde pribatuekin dituzten arazoaren berri emateko. Euskarazko zerbitzua jasotzeko oztopo gehien jartzen dituen erakundea Osakidetza da. Zerbitzu honetan egunero gertatzen denaren eredu gisa 2011ko lehen espedientea aukeratu dute, eta Oñatiko Kepa Elortzaren bizipena Duintasun bidea dokumentalean jaso dute. Elortzak Debagoienako hainbat sendagilerekin gorabeherak izan ditu azken hilabeteetan, euskaraz artatua izatea eskatu duelako. Behin eta berriro eskubide hori urratu arren, eutsi egin du Elortzak. “Osasuna jokoan dagoela euskaraz bizitzeko eskubideari eustea duintasun erakustaldia da. Neurri batean, lezioa ematen digu. Era berean, zerbitzu bat euskaraz jasotzea ukatzean duintasun maila bat atzean uzten dugu”, adierazi du Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriatik, gaur, Koldo Mitxelenan egindako aurkezpenean.
Mediku erdaldunak artatua izatea, harrera zerbitzua euskaraz egitea, txostenak gazteleraz jasotzea… salatzeko Euskararen telefonoan –902194332– jasotako deietatik ondorioztatu dutenez, urratzea “sistematikoa” dela nabarmendu zuen Petriatik. Behatokiko zuzendariak ondoan izan ditu Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeko Roberto Manjon. Honek euskara planaren urritasuna gaitzetsi eta Osakidetzako langileen ikuspuntua azaldu du. Manjonen hitzetan, urratzea soziokulturalaz gain, sozio-sanitarioa ere bada, “euskaldunok erdaldunek baino kalitate eskasagoko zerbitzuak jasotzen ditugu-eta”. Era berean, Osasun Sailaren agintariek euskararen normalizazioa mehatxu eta eragozpentzat dituztela baieztatu du. Horren ildotik, galdera bat luzatu die Petriatik Osakidetzako arduradunei: “Bigarren mailakoak al dira zerbitzua euskaraz nahi duten herritarrak? Kexen zain egon behar al du Osakidetzak herritarren eskubideak bermatzeko?”.
Dokumentala ahalik eta gehien hedatuko dute, eta bere xedea, gogoeta egin eta urgentziazko mekanismoak abiaraztea da. Izan ere, Petriatiren hitzetan,”Euskara Administrazioan eta, bereziki, Osakidetzan gaixo dago”. Iazko datuak zenbatu ez diren arren dokumentalean jasotako kasua bezalakoak hirian ere gertatzen direla adierazi dute Behatokiko arduradunek. Halaber, euskaldunak “aski da” esatera animatu ditu.