Giza Eskubideen Zinemaldiak saio berezia egingo du bihar Antzoki Zaharrean
Iragan apirilean hildako Juliano Mer-Khamis zuzendari israeldar eta palestinarraren filma emango dute.
Arna’s Children filma proiektatuko du bihar, osteguna, Giza Eskubideen Zinemaldiak. Ohiko programaziotik kanpo egingo duten proiekzio berezia da. Juliano Mer Khamis zuzendariak egindako azken pelikula da. Iragan apirilaren 4an hil zuten, Yeningo errefuxiatuen kanpamentuan.
Israeldar eta palestinar baten semea zen Mer-Khamis. Antzerki zuzendari gisa egindako lanagatik, eta palestinar herriaren aldeko aktibismo politikoarengatik oso ezaguna zen eskualde osoan. Bere amak, Arnak, hasitako bideari jarraipena emateko asmoz sortu zuen Askatasunaren Antzokia Yeningo errefuxiatuen kanpamentuan. Israelgo armada sarritan sartu ohi da, «palestinar terrorista suiziden harrobi nagusitzat» hartu izanagatik. Antzokia, hainbat obra antzezteko eszenatoki izateaz gain, palestinarren eskubideak defendatzen dituzten nazioarteko aktibisten elkargune bihurtu zen. Amak haurrentzako antzerki eskola sortu zuen, eta Mer-Khamisek filmatu egin zituen eskola haiek. Bere ama hiltzean, ordea, antzerki taldea desagertu egin zen. Zortzi urteren ondoren Mer-Khamis bere kamerarekin itzuli zen ikasle gazte haien berri izateko. Orduan errodatu zuen Arna’s children. Israeldar okupazioak markatutako bizitzen tragedia latza islatu zuen filmean. Mer-Khamis Askatasunaren Antzokira bidean zijoala hil zuten.
Emanaldia Antzoki Zaharrean izango da bihar, osteguna, 20:00etan. Sarrerak 4 eurotan daude salgai.