TAOa ordaindu behar denetik, aparkatzeko toki ugari dago Benta Berrin. (Argazkia: Mikel Goñi).
TAO sistemak mugak gainditzen dihardu. Aste Santua baino lehen, Benta Berri, Ondarreta, Lorea eta Errotaburun barneratzea lortu zuen eta, hilaren 16tik aurrera, Ibaetako unibertsitate eremura eta Berio aldera iritsiko da. Makinak eta kale bakoitzean ezarritako tarifa adierazten duten marrak astelehenetik aurrera ikusi ahal izango direla jakinarazi du Maravi Dafauce Mugikortasun zinegotziak.
TAOaren zabalkundea ez da, ordea, nahi bezain isila izaten ari, han eta hemen zalapartarako arrazoi bilakatu baita erabiltzaile nahiz langileentzat. Zuatzuko, Miramongo eta Igarako enpresa guneetako langileek bezala, unibertsitate inguruan aparkamendua ordenatzeak ikasleen artean eragingo zuen kalteak beldurtuta, protesta saioak deitu zituzten. Euren aldarrikapenek, aldiz, enpresa guneetako langileenak ez bezala, aldaketarik ez zuten eragin. Hilaren 16tik aurrera poltsikoa hustu beharko dute fakultate aurrean autoa uzteagatik.
Benta Berrin bi aste inguru dira aparkamendua ordenatzen hasi zirela. Hasi aurreko astea, berriz, makinak lanean baziren ere, isunik jarri gabe informatzen aritu ziren kontrolatzaileak. Abisurik zabaldu ez zutenez, hainbat erabiltzailek zintzo ordaindu zuten txartela, nahiz eta TAOa isunik jasotzeko arriskurik ez izan.
Eragin handiko aldaketa
Aparkaldi mugatuaren sistema hedatzeak berebiziko eragina izan du Benta Berri zein Errotaburu inguruetan. Hain zuzen ere, gune hauetan aparkatzeagatik ordaindu behar denetik, ibilgailuak uzteko toki libreak asko dira. Besteak beste, DGTren bulego inguruetan oso zaila izaten zen aparkatzea duela hilabete. Egun, berriz, ugari dira Jose Maria Sert plazako zein gertuko kaleetako tarteak.
TAOa ordaindu behar denetik, aparkatzeko toki ugari dago Benta Berrin. (Argazkia: Mikel Goñi).
Era berean, fintzeko beste kontu batzuk gelditzen dira. Autoek TAO txartela duten ala ez ikuskatzeaz arduratzen diren langileek ere oraindik beren lana behar bezala egiteko zailtasunak dituztela salatu dute. Besteak beste, isunak jartzeko tresneria informatikoa falta zaiela zehaztu dute, elkarren artean partekatzen behar dutelako.
Erabiltzaileak, gainera, oraindik ez direla ohitu eta galdezka dabiltzanak asko direla diote. Zalantza horiek argitzen, oraindik hainbat makinetan jarri gabe dauden argibide taulak lagun dezakeela aditzera eman dute kontrolatzaileek.