Igoera lortzeko zorian daude
Euskal Herriko Lehen Mailara eraman dezake Kresimir Musulinek Tximistarriko seniorren waterpolo taldea; entrenatzaile kroaziarrak jokalariek horretarako maila badutela uste du.
Lehen denboraldi osoa osatzen ari da Kresimir Musulin (Osijek, 1972) Tximistarri-Fortuna waterpolo taldeko entrenatzaile postuan. Izan ere, duela urte eta erdi iritsi zen Kroaziatik Donostiara, Tximistarriko ardura hartzeko. Denboraldi polita osatu du gizonezkoen senior taldeak eta, lan gogorraren ondorioz, Euskal Herriko Bigarren Mailatik Lehen Mailara igotzea lor dezake. Beretzako lehen denboraldia den honetan, igoera lortzea «bikaina» litzatekeela onartu dio Musulinek Irutxuloko Hitzari.
Gipuzkoako Open Ligan parte hartu du taldeak eta bigarren postuan geratu da. Beraz, play off-erako sailkatu da eta Easo eta Eibarko Urbat taldeen aurka jokatu du bertan. Eibarko azken partida hartan, larri ibili ziren irabazteko. Norgehiagoka 7-7ko markagailuarekin bukatu zen eta bi luzapen jokatu behar izan zituzten. Azkenean, 9-10 irabazi zuen Tximistarrik. «Partida oso interesgarria izan zen. Eibarko igerilekua txikiagoa da eta tentsioa egon zen. Oso pozik gaude lortutakoarekin», adierazi du Musulinek.
Datorren asteburuan, Sestaoren aurka jokatuko dute finala. Irabazten duen taldea zuzenean mailaz igoko da. Hala ere, Lehen Mailako azken sailkatuaren aurka bigarren aukera izango dute. Sestao ongi ezagutzen du Donostiako taldeak, aurretik bere aurka jokatu baitu. «Gipuzkoako Ligan beraien aurka jokatu dugu bi aldiz; Sestaon galdu egin genuen eta Donostian, irabazi. Nire ustez, partida hau jokatzeko gogoz daude jokalariak eta, gogor entrenatzen badugu, irabaz dezakegu. Ea zer gertatzen den asteburuan».
Jokalari gazteak
Tximistarriko jokalariek 18-19 urte inguru dituzte eta waterpolorako adin gaztea dela dio entrenatzaileak. Hala ere, pozik dago bere plantillarekin. «Jokalarientzako onuragarria izango da, esperientzia hartzeko eta etorkizunean ere kirol honetan jarraitzeko».
Tximistarri mailaz igotzen bada, erritmoa igo beharko duela aipatu du entrenatzaileak. «Kopako partidetan Lehen Mailako taldeen aurka jokatzeko aukera izan dugu eta ezagutzen ditugu. Igotzen bagara, gogorrago entrenatu beharko dugu. Agian, aurten ez dugu lortuko, baina aurrerago ziur lortuko dugula». Edonola ere, entrenatzeko garaian arazo bat badutela aipatu du. «Ez dugu leku askorik izaten entrenatzeko eta gehienez ordu eta erdiz erabili dezakegu igerilekua. Asteko hiru egunetan, Altzan entrenatzen dugu, eta, beste bi egunetan, Anoetan».
Bederatzi urteko bidea
Tximistarri igeriketa eta waterpolo kluba 2002ko irailean sortu zen. Kluba sortu zuten jokalarien asmoa, waterpoloan bakarrik arituko zen Gipuzkoako lehen kluba sortzea izan zen. Lehen denboraldi hartan, lan ona egin zuen taldeak eta Euskal Herriko Bigarren Mailatik Lehen Mailara igotzea lortu zuen. Hurrengo urtean, ordea, berriro jaitsi zen. Ordutik hainbat gorabehera izan ditu klubak eta 2005-06 denboraldian Tximistarri eskola ere sortu zuten, txikienen artean waterpoloa bultzatzeko. Hala, emakumeak ere sartu ziren klubean.