Zortzi hilabetez luzatu dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa
Unai Gaztelumendi, Amara Zaharreko Manex Mujika, Loiolako Gorka Etxeberria eta Igeldoko Imanol Lizarazu lehiatuko dira lehen fasean. Beñat Gaztelumendi, berriz, zuzenean txapelketaren final laurdenetan izango da.
Unai Gaztelumendik Mutrikun izango du lehen saioa, maiatzaren 14an. Arratsaldean ariko da Beñat Alberdi, Zigor Iriondo, Nerea Elustondo, Iban Urdangarin eta Nahikari Gabilondorekin. Egun berean, Alegian, Donostiako beste hiru bertsolari ariko dira. Goizez Imanol Lizarazu izango da. Iñigo Izagirre, Alaia Martin, Josu Igartua, Maialen Velarde eta Oier Aranzabal izango ditu aurkari. Arratsaldean Gorka Etxeberria eta Manex Mujika izango dira Joseba Barandiaran, Ainhoa Mujika, Manex Mantxola eta Ane Labakarekin. Lehen fasean hogei saio jokatuko dira, hamar herritan. Herriotako bertso eskola eta bertsozaleekin harremanak sendotzea dute helburu.
Beñat Gaztelumendi Villabonan, urriaren 23an, hasiko da lehian. Duela lau urteko finalistak zuzenean final laurdenetan hasi ohi dira, eta Beñatek bigarren postua eskuratu zuen 2007an.
Aurten ere Gpuntua leloari eutsi diote, «orain lau urte lortu zuen zabalkundeagatik, eta Gipuzkoako bertsolaritzaren ikurrari izena eta irudia emateko», azaldu du Bertsozale Elkarteko koordinatzaile Oroitz Azurmendik.
Bertsolaritza gizarteratzeaz eta hedatzeaz gain, hainbat helburu finkatu ditu aurten Bertsozale Elkarteak: «Lau urtean Gipuzkoako errealitatea aldatu egin da, baita Gipuzkoako bertsolaritza ere; eta aurtengo txapelketak Gipuzkoako bertsoa islatzeko eta haizatzeko helburua du»,adierazi du Saroi Jauregik, Bertsozale Elkarteko presidenteak. Bertso Eskolen lana aitortzea izango du xede, besteak beste: «Bertso Eskolen lana zutabe da bertsolaritzaren transmisiorako eta hedapenerako, eta nola ez, txapelketak antolatzeko ere bai. Horregatik, Gpuntuak euren lana bultzatu, sendotu eta goraipatu nahi du aurtengoan», esan du Azurmendik.
Txapelketaren norabidearen harira, komunikazioa ere erronka nagusia izango dela azaldu dute. Bertso sarea lotu eta indartu nahi dute, bertsozalearengana gerturatu: «Sarea izango da bidea. Gpuntua.com izango da gure tresna, eta sare sozialen bidez zabalduko dira edukiak».
Berritasun gisa, txapelketa jokatzen den herri bakoitzean bazkaria egingo dute elkarte batean, eta irekiak izango dira. Bertso saio eta bazkarietarako sarrerak soilik Gpuntua.com webgunean salduko dira.
Orion hasiko da, igandean; Bertsolari donostiarrak Mutrikun eta Alegian hasiko dira, maiatzaren 14an
Lau urteren ondoren, hemen da berriz ere Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. «Inoizko txapelketarik handiena» izatera dator aurtengoa, eta «erronka handia» izango da Bertsozale Elkartearentzat. Zortzi hilabetez luzatu dute txapelketa. Orion, igandean, hasi; eta Donostian, Illunben, abenduaren 18an, bukatuko da. Tartean, hogeita sei herritan jokatuko dira saioak.
Hirurogeita hamasei bertsolarik parte hartuko dute, eta hirurogei hasiko dira lehen fasean. Bi saio egingo dituzte. Añorgako