Haritzaldeko kideek 30 habi-kutxa baino gehiago jarri dituzte Donostia eta inguruetako basoetan. (Argazkia: Mikel Goñi).
Txandatze altuko etxebizitzak dira Haritzalde Naturzaleen Elkarteak Donostiako, Astigarragako eta Errenteriako basoetan, hauen gabeziak leuntze aldera, jarritako habi-kutxak. Udaren bukaera aldean muxar grisak hartzen du ostatu ekologistek jarritako egur kaxetan, eta neguko egunik hotzenetan hainbat hegazti espeziek erabiltzen dituzte kazkabarra eta elurretik babesteko. Era berean, beste hegazti intsektujale eta gaueko harrapariek ematen dute udaberria horietan; ugaltze sasoia, alegia.
Donostiako eta inguruko basoak gazteak dira; hau da, zuhaitz zahar gutxi dago arboladiotan. Horien egurra trinkoa eta zulorik gabea denez, habia egiteko toki faltan izaten dira hainbat espezie. Horretaz jakitun, Haritzaldek habi-kutxak jartzeko kanpainari ekin zion 1988an. Ekimen honen arduradun Joseba Gurutz de Vicentek azaldu duenez, urtean hirutan-edo egiten dute kutxa bakoitza gainbegiratzeko bisita, «eta hutsik egonez gero garbiketa egiten dugu, zorriak eta abar egon ez daitezen hurrengo espeziearentzat». Horiek guztiak jaso dituzte azken 22 urteetan Haritzaldekoek, kutxak jartzeaz gain, prozesu osoa dokumentatu dutelako argazkiekin, baita bisitaldietako txostenekin ere.
Udaberriko erabiltzaileak
Besteak beste, kaskabeltz handia, amilotx urdina edota urubi arrunta udaberriaren inguruan ugaltzen dira, eta hauek dira Haritzaldek jarritako kutxak habi bezala erabiltzen dituzten maizterrak, etxe-txolarrea, pinu-kaskabeltza, gerritxori arrunta edota garrapoarekin batera.
Martxoaren bukaeran iritsi dira espezie hauek kutxetara, eta, beraien gustuetara egokitu ondoren, apirilaren bukaerarako arrautzak errun dituzte. Espezie bakoitzak bere lehentasunak ditu Haritzaldek jarritako kaxak habi bilakatzeko garaian. Argazkiko kaskabeltz handiak, esaterako, hiru geruzako habia jartzen du, pinu azikulak, goroldioa eta artilearen antza duten gaiena, beste espezieek gustu ezberdinak izaten dituztela.
Elkarte ekologistako kideek egindako beste hamaika ohitura eta bitxikeria ezagutu dituzte urteotan. Besteak beste, kaskabeltz handiak, kumeak babesteko, sugearenak egiten dituenekoa; edota garrapoak kutxaren zuloa estutzeko, hautsa eta listua nahastuz egindako lokatza erabiltzea.
Haritzalderen asmoa, beraz, ez da txorien etxebizitza arazoak konpontzea bakarrik. Kutxen egitasmoarekin, natur ondarearen garrantziaz ohartarazteko informazio bilketa ere egiten ari dira, eta ateak eta posta–plharitzalde@yahoo.es– zabalik dituzte nahi duenak beraiekin jarduteko.
Arrautzak eta txitak daude une honetan habi kutxetako askotan. (Argazkia: Mikel Goñi).