Euskaraz bizitzeko guneak eratu
Udal finantza, zahartzaroa… Hamaika mezu eta proposamen egingo dituzte alderdi politikoek egunero hiriko hainbat bazterretan. Ideia horietako asko elebitan edo gaztelera hutsez aurkeztuko dituzte. Miren Azkarate EAJko hautagaiak euskarak gai guztien artean (etxebizitza, hirigintza…) lekua egiteko ahalmena duela azpimarratu du.
Horregatik euskarak han eta hemen presentzia handitu behar duela zehaztu du Azkaratek. Presentzia handitzeko, erabilerak gora egin behar du eta horretarako, euskaraz bizitzeko guneak eratzea beharrezkoa dela esan du Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua izandakoak. EAJk San Telmo aurrean egin du agerraldia, eta plazan jolasean ziren haurrei aipamen eginez, umeak euskaraz ikasteaz gain, egunerokoan era naturalean erabiltzeko guneak eratu behar direla azaldu du. «Txatean edo googlen informazio bila ari direnean euskaraz egitea» lortu behar dela adierazi du.
Euskara gizartean ardatz izan dadin, euskara talde, auzo elkarte eta bestelako eragileekin lan egiteko prest dago EAJ. Udal talde eta erakunde publikoen artean ere erabilgarritasuna sustatzeko ituna adostea beharrezkoa dela dio Azkaratek. Itun hori jeltzaleak gidatzeko prest daudela gaineratu du. Bakoitzak zein pauso eman behar duen eta eta elkarlanean zer egin daitekeen adosteko, eztabaida eremu politikotik aldentzea beharrezkoa dela dio, era berean.
Euskarak ez ezik, euskal kulturak ere suspertu behar duela adierazi du Eneko Goia EAJ taldeko alkategaiak. XX. mendean Donostia euskal kulturaren habi izan zen bezala, XXI. mendean Donostia euskal kulturaren erreferente bihurtzeko pausoak emango dituztela zehaztu du. 2016ko hautaugaitza, beraz, «2016an, 2017an, 2020an eta haratago» Donostia euskal kulturaren hiriburu bihurtzeko urrats izan behar duela azaldu du Goiak.
Hala, euskal ondarearen ate nagusi San Telmok, edo euskal zinema eta ikus-entzunezkoen erdigune Tabakalerak izan behar duela esan du Miren Azkaratek. Euskal idazleen lanak jasoko dituen Euskadiko Liburutegi Nazionala Koldo Mitxelenan kokatzeko eskatuko dute, halaber.