Kale zurrutaren alde dagoela dio Elorzak, kaleak garbi uzten diren bitartean
Agintaldi honetan krisiak gogor jo du eta hurrengoan ere haren ondorioak pairatu beharko direla adierazi du Odon Elorza PSE-EEko hautagaiak. Hori dela eta, gastuak ondo neurtu behar direla zehaztu du eta horretan herritarren jarrera aldaketa beharrezkoa izango dela azaldu du.
Aldaketa, hala nola, garraio publikoa erabiltzerako edo kaleak garbi mantentzeko garaian. Asteburuko eguraldi paregabearen ondoren, hondartzak zikin-zikin zeudela eta hori aldatu beharra dagoela dio. Kale zurrutaren kontra ez dagoela esan du, hori bai, «etxeak diren eremuetan egiten ez denean eta zaborra jasotzen den bakoitzean».
Hurrengo urteetan diru sarrerak mugatuak izango direla aurreikusi du Elorzak. Hortaz, lehentasunak ondo finkatu beharko direla jakinarazi du. Inbertsio nagusiak bete direla-eta, enplegua eta babestutako etxebizitza ezinbesteko jomuga izango direla argitu du PSE-EEko hautagaiak.