Musika Hamabostaldiari hegoak eman dizkio Esther Ferrer artistak
Musika Hamabostaldiak urtero euskal artista bat hautatu ohi du kartela diseinatzeko, eta aurten, sortzaile donostiarrari egokitu zaio abuztuaren 7a eta 31 bitartean egingo duten jaialdiaren irudia sortzea. Franz Liszt pianista hungariarra izango da 72. ekitaldiko protagonista, eta haren figuraren metafora gisa aurkeztu du piano hegoduna.
Pribatuan, eta bere gozamenerako sortutako obra izan da kartelaren abiapuntua: «Gonbidapena luzatu genionean, Esther pianoaren inguruko serie batean ari zen lanean. Kasualitate hutsa izan da», azaldu du Patrick Alfaya zuzendariak. Ferrerrek ez zuen inoiz pentsatu proiektu hau Musika Hamabostaldiko kartela izan zitekeenik, eta pozik dago: «Nire narzisismoak pianoa bezala hegan ari da. Estratosferan dago. Nire narzisismoa elikatu du, eta neurriak hartu beharko ditut. Eskerrak gaur bertan Parisera itzuliko naizen».
Liszt konpositorea da aurtengo egitarauaren ardatza, eta Alfayaren ustez, Ferrerrek bikain islatu du haren espiritua: «Lisztek mundu klasikoa eta pianoaren iraultza ekarri zuen. Iraultzailea izan zen pianorako konposizio lanetan. Ferrerrek kartelean islatu duen bezala, Lisztek hegoak eman zizkion pianoari. Paganini txikitan entzun zuen behin biolina jotzen, eta musika tresna bakarrarekin orkestra baten soinua egiteko gai zela iruditu zitzaion. Lisztek ere gauza bera egin zuen pianoarekin. Obra asko moldatu zituen pianorako». Izan ere, garai hartan ez zegoen orkestrarik nonahi, ezta egungo garraiobiderik ere: «Munduan zehar birak egin, eta bidaiatu ahal izateko ala egiten zuten lan», azaldu du Alfayak. «Estherrek piano ameslari hori, eta Liszten irudimenezko mundua islatu du».
Egile donostiarra aitzindaria izan da performance-aren diziplinan. Espainiako Arte Ederren saria lortu zuen 2008an. Halere, kartelgintzan esperientzia gutxi izan duela aitortu du: «Hiru egin ditut nire bizitzan. ‘Nola egingo dut kartel bat Musika Hamabostaldirako?’, pentsatu nuen neure baitan. Baina onerako edo txarrerako, konpositore batekin ezkonduta nago; eta musikari lagunak ditut. Musika egunero bizi ohi dut».
Ideia bat bururatzen zaionean marrazkiak egiten hasi ohi da Ferrer: «Oraingoan piano hegodun bat marraztu dut. Betidanik izan dut buruan musika tresnetatik ateratzen diren musika noten irudia, airera jaurtiak izango bailiran. Pianoa, finean, ahaztu egiten badugu ere, perkusio musika tresna da, eta hauek proiekzio handiagoa izan ohi dute espazioan». Ferrerrek benetako piano hegodun bat egin zuen duela 30 urte, Veronako bildumazale batentzat. Haren ustez, «pianoak hegan egiten du Donostiako zeruan. Itsasoa nonahi dago hirian, eta horregatik margotu dut fondo urdina. Marra berdeek berdeguneei egiten diote erreferentzia: Igeldo, Ulia… Kolore berdea ere garrantzitsua da hirian».
Liszt, Mahler, Bartok, Guridi…
Franz Liszt aurtengo ekitaldiko protagonista handia izango da, baina beste musikagile hungariar baten musika ere ekarriko du Hamabostaldiak, Bela Bartok-ena. Gustav Mahler, Jesus Guridi eta Tomas Luis de Victoriaren urteurrenak ere izango ditu gogoan jaialdiak. ‘Sevillako bizargina‘ opera antzeztua eta ‘Romeo eta Julieta‘ dantzalana Kursaaleko egitarauko emanaldi garrantzitsuenak izango dira. Kontzertu sinfonikoen zaleek ere eskaintza zabala izango dute. Rotterdameko Orkestra Filarmonikoak Ravel, Liszt eta Bartok interpretatuko ditu lehen emanaldian; eta Mahler, bigarrenean, Donostiako Orfeoiarekin batera. Frankfurteko Orkestra Sinfonikoa Paavo Jarviren zuzendaritzapean ariko da; eta, Orchestra of the Enlightment, Vladimir Jurowskirekin. Errusiako maisuak Easo Abesbatzarekin elkarlanean jardungo du, Liszten Fausto sinfonia interpretatzeko. Koloniako Irrati Orkestra Sinfonikoak hiru saio eskainiko ditu. Liszten Dantza makabroa eta Mahlerren ‘9. Sinfonia’ obrekin helduko dira alemaniarrak.
Budapest Festival Orchestra, «munduko hoberenetakotzat jotzen dutena», ere izango da Kursaalen. Brahms eta Dvoraken obrak eskainiko dituzte lehen emanaldian; Liszt eta Mahlerrenak bigarrenean. Hala, Mahlerren 1. Sinfoniarekin amaituko da 72. ekitaldia.
Laster plazaratuko dituzte programazioko emanaldi berriak. Sarrerak maiatzaren 27tik aurrera izango dira salgai.
Artista donostiarrak aurtengo ekitaldiaren kartela diseinatu du; Liszt pianista hungariarrari eskaini dio
Ivan Zulueta, Jose Luis Zumeta, Nestor Basterretxea, Mikel Urmeneta, Maider Lopez… Eta Esther Ferrer.