Bidean ikasitakoa erakutsiz
Adinez nagusia da dagoeneko Udaltzaingoak gauzatzen duen bide hezkuntza programa. Ikasturtearekin batera hasten dira eskolaz eskola segurtasun aholkuak txikienen artean banatzen. Haurrek marrazkietan biltzen dute ikasitakoa, eta lan hauekin erakusketa prestatu ohi dute.
Lau dira 500 bat gelatan azalpenak ematen ibiltzen diren udaltzainak. Horien artean Angel Aranburu dago, eta ez du aldaketa handirik nabarmendu azken 10 urteetan. «Haurrek beti hartzen dituzte ondo arauak».
Ehunka marrazki daude Okendo kultur etxeko goiko erakusketa aretoan. Lan hauek iruditan jasotzen dituzte ikasitako guztiak; hala nola, autoan doazela segurtasun uhala jartzeko beharra, edota semaforoetan, berde egonik ere, bi aldeetara begiratzeko beharra. Hala ere, Aranbururen ustez, kontrajarria da beraiek erakusten dietena eta haurrek kalean ikusten dutena, «semaforoetan jendearen jokaera ikustea besterik ez dago».
Haurrak, erakusketaren egileak izateaz gain, ikusleak ere badira; egunotan Groseko kultur etxeraino hiriko gune guztietatik etortzen ari baitira eskola umeak. Ahal den guztietan oinez bertaratzeko aholkua ematen diete erakusketako arduradunek. Baina batzuetan, urrutiagotik etortzean, Dbuseko autobusetan egiten dute. Aranburuk azaldu duenez, «garraio publikoaren erabilera ere bultzatu nahi dugu-eta».