TAOarekin Udalak egiten duen diru bilketa antzeztu du Ramon Gomezek Ibaetan (Argazkia: Xabier Etxabe)
Astelehenetik aurrera Ibaetan eta Berion autoa uzten dutenek adi begiratu beharko dute errepidean marra koloredunik ote dagoen, TAO sistema orduan jarriko dutelako abian. Maiatzaren 22tik aurrera, aldiz, egoera hori alda daiteke, Ramon Gomez PPko hautagaia alkate izendatuz gero, hainbat konpromiso hartu baititu: Ibaetan TAOrik ez dela egongo agindu du, lehenik eta behin. «Ez unibertsitateetan, ez industrialdeetan ezta zenbait auzotan ere». Besteak beste, Egiako, Groseko eta Antiguako kale batzuetan beharrezkoa ez dela, eta marra urdinak txuri bilakatu beharko liratekeela esan du. Hori gutxi balitz, etxe azpian autoa utzi behar dutenek ere TAO eremutan autoa uztea ahalbidetzen duen txartelik ez dutela ordaindu beharko esan du.
Espainiako zirkulazio zergarik garestiena donostiarrek ordaitzen dutela jakinarazi du Ramon Gomezek. PPko hautagaiarentzat «onartezina» da etxe azpian autoa uzteagatik ordaindu behar izatea. PP alderdiak, gainera, hasieratik jarrera berbera mantendu duela gogorarazi du alkategaiak. Hala nola, duela urte eta erdi egitasmoa mahai gainean jarri zenean, PPk ezezkoa adierazi zuela zehaztu du.