Ikuskizuna hasi da
Hauteskunde kanpaina abian da joan den ostiralaz geroztik; udal ordezkariak hautatzeko ordua iritsi da, beraz. Politikariek prest dituzte herritarrak konbentzitzeko estrategiak. Misioa: botoak eskuratzea.
Orgasmo bat izatearen itxurak egitera ausartu zen iaz Kataluniako Alderdi Sozialista; sinbolo independentisten aurka borrokatzeko bideo jokoa sortu zuen Alderdi Popularrak, eta aurten, Tarragonako hautagai batek Lady Gaga-ren Alejandro abestia erabili du bideo batean –berak ere Alejandro izena du, jakina–. Euskal hauteskundeetan, berriz, Ibarretxek Mr. Spock-en belarriak jantzi zituen Sabin Etxean, Euskal-prisea gidatzeko prest zegoela erakusteko. Sozialistek boterea hartzeko beldur zen EAJ, eta krisi betean, umorearen aldeko apustua egin zuen. Izan ere, hauteskunde garaian, politikariek euren karikaturaz ere barre egiteko prest egon behar dute.
Eta Donostian? Zer egiteko gai dira udal ordezkariak herritarren botoa eskuratzeko? Edozer egiteko prest al daude? Iaioak al dira politikaren artean? Azken kanpainetako zurrunbilora itzuli da Irutxuloko Hitza, momenturik onenak berreskuratzeko.
Bustitzeko prest
Ez dira mozorrotu, eta ez dute sexua erabili, baina hauteskunde garaian bustitzeko gai direla erakutsi dute. PPko Ramon Gomez, Arantza Quiroga eta Borja Semper benetan busti egin zirela esan daiteke. Kontxan hartu zuten bainua 2009ko otsailean. Jantzita bainatu ziren, ura 10,5 gradutan zegoenean. Hiritarrekiko duten «konpromisoa» erakutsi nahi izan zuten. EAJk ere ez dio urari beldurrik, ez behintzat, eguraldi lainotsu eta euritsuari. 2007ko hauteskunde kanpainan, Xabier Ezeizabarrena alkategaiak eta bere alderdikideek txirrinda hartu, eta Saguesetik Ondarretara joan ziren, euripean. Ez zitzaien axola izan busti-busti eginda iristea.
Hiriko merkatu eta dendetara gerturatzea ere ohiko ohitura dute politikariek. Herritarrak erosteko? Ez… haiekin hitz nahi dute. Kalean erosketak egiten ari direnekin, dendariekin… Haien kezkak entzuteko asmoz agertu ohi dira barazki eta fruta artean. Autoa utzi eta garraio publikoaren aldeko apustua ere klasiko bihurtu da. PPko Maria Jose Usandizagak Altzako alkateordetzan ekin zion kanpainari, eta bertara iristeko autobus publikoa hartzea erabaki zuen. Komeriak izan zituen, ordea. Antza, autobusa erabiltzen oso ohituta ez, eta ordain txartelaren zirrikitua topatzen saiakera bat baino gehiago behar izan zituen, gidariak lagundu zion arte.
Paraje berdeak ere gustuko izan ohi dituzte. EAko Jaione Arratibel –orain Hamaikabateko kide– zemento eta asfaltozko bideetatik ihes egin, eta Tiro zelaian aurkeztu zuen Ulia birmoldatzeko plana. Ulia «jasaten ari den utzikeria» salatu zuen bertako zelaietatik. Igeldon, ordea, EAJk auzoen «alde ahalegin handiagoa» egiteko eskatu zion Odon Elorzari. Zenbait baserritarrekin hitz egin ondoren, plazako probalekuan egin zuten kanpaina. Auzoen alde dema harriari ere tira egiteko prest agertu ziren ordezkari jeltzaleak. PSE-EEko hautagaiek ere izerdi egin zuten botoak eskuratzeko. Odon Elorza, Ernesto Gasco edota Denis Itxaso Gipuzkoa Basketeko jokalarien pare ibili ziren Zurriolan, saskibaloi partida jokatzen. Argazkietan galtza motzetan agertzeko lotsa etxean utzi behar izan zuten…
Plazandreok-eko kideek «ikuspegi morea» hedatzeko ekimena prestatu zuten. Ez Kursaal alokatu, ez gosariak antolatu, eta ez beste ezer. More kolorea bere egin, feminismoarena, eta errealitatea morez ikusteko betaurrekoak banatu zituzten kalean.
Ezker Batua eta Aralar koalizioko kideek, aldiz, haien jarraitzaileen haurrak izan zituzten kontuan. Gurasoak mitinean egon bitartean, haurrak puzgarrietan ibili ziren jolasean.
Kartoizko udaltzainak
PPko Ramon Gomez alkategaiak iragan martxoan ekin zion kanpainari. Irribarretsu agertu zen hedabideetan, kartoizko bi udaltzainekin batera. Segurtasun gehiago eskatu nahi izan zuen. Egiako pasabidean ekin zion segurtasun ezaren aurkako kanpainari. «Gomezekin gu benetazkoak izango gara, eta ez kartoizkoak», zioten benetako udaltzainen tamainako panpinek. Hiriko «puntu beltzetan» utzi zituen kartoizko udaltzainak. Amara Berriko Karlos I. hiribideko pasabidean utzitakoak, ordea, desagertu egin ziren. Eta Gomezek prentsaurrekoa egin zuen hurrengo egunean, «lapurreta salatzeko». Enrique Ramos hiri Segurtasun zinegotziak azaldu behar izan zion benetako udaltzainek kendu zituztela, kalean traba egiteagatik. Ezker Batua eta Aralar koalizioko hautagaiek ere ekimen sinbolikoa egin zuten 2007an. Popularrena baino xumeagoa, ordea. San Roken, eskailera mekanikoen inaugurazioaren simulazioa egin zuten. Ainhoa Beolak moztu zuen ekitaldi hauetan ohikoa den zinta gorria.
Eusko Abertzale Ekintzaren zerrenden baliogabetzea dela eta, ezker abertzalea ez zegoen txantxetarako. Halere, hauteskunde kanpainari eutsi zion. Erraldoiekin batera egin zuten hautagaiek alderdiaren argazkia, eta Braveheart filmeko pertsonaien moduan agertu ziren Konstituzio plazan egindako mitin batean. Udaletxean, marrazkilari batek ez zuen alderdi bakoitzaren alkategaiaren karikatura egiteko aukera galdu nahi izan.
Boto eske ofiziala hasi da ja. Alderdiak prest daude herritarrengana hurbiltzeko. Bozkatzeko eguna iritsi arte kalean izango dira egunero, herritarren botoa eskatzeko. Auzoz auzo, parkez parke, merkatuz merkatu… boto batek bera ere ihes ez egiteko estrategia abian jarri dute. Hortaz, ikuskizuna hasi da.
- PSE-EEko hautagaiek saskibaloi partida jokatu zuten Zurriolan (Argazkia: Nagore Irastorza)
- Ezeizabarrena eta EAJko gainontzeko hautagaiak bizikletan ibili ziren, euripean (Argazkia: Ibon Gaztañazpi)
- Koloretako betaurrekoak banatu zituen Plazandreok-ek (Argazkia: Amaia Portugal)
- Ezker abertzaleak erraldoiekin egin zuen hautagaien argazkia (Argazkia: Amaia Portugal)
- Ramon Gomezek kartoizko udaltzainak atera zituen kalera, segurtasun eza salatzeko (Argazkia: Mikel Chillida)
- Ezker Batua-Aralar koaliziokoek eskaileera mekanikoen inaugurazio sinbolikoa egin zuten San Roken (Argazkia: Raul Perez)
- Jaione Arratibel eta Isabel San Vicente, Uliako tiro zelaian (Argazkia: Naroa Balsategi)
- EAJko hautagaiak, Igeldon, harri demari tiraka (Argazkia: Ibon Gaztañazpi)
- Maria Jose Usandizagak eta PPko gainontzeko zinegotziek autobusa hartu zuten Altzara joateko (Argazkia: Xabier Etxabe)
- PSE-EEko hautagaiek saskibaloi partida jokatu zuten Zurriolan (Argazkia: Nagore Irastorza)
- Ezeizabarrena eta EAJko gainontzeko hautagaiak bizikletan ibili ziren, euripean (Argazkia: Ibon Gaztañazpi)
- Koloretako betaurrekoak banatu zituen Plazandreok-ek (Argazkia: Amaia Portugal)
- Ezker abertzaleak erraldoiekin egin zuen hautagaien argazkia (Argazkia: Amaia Portugal)
- Ramon Gomezek kartoizko udaltzainak atera zituen kalera, segurtasun eza salatzeko (Argazkia: Mikel Chillida)
- Ezker Batua-Aralar koaliziokoek eskaileera mekanikoen inaugurazio sinbolikoa egin zuten San Roken (Argazkia: Raul Perez)
- Jaione Arratibel eta Isabel San Vicente, Uliako tiro zelaian (Argazkia: Naroa Balsategi)
- EAJko hautagaiak, Igeldon, harri demari tiraka (Argazkia: Ibon Gaztañazpi)
- Maria Jose Usandizagak eta PPko gainontzeko zinegotziek autobusa hartu zuten Altzara joateko (Argazkia: Xabier Etxabe)