Kintxo Gomez: "Langileriari eta parte hartzeari begira egiten ditugu proposamenak"
Joaquin Gomez Kintxo (Amara, 1953) urteetan ibili da auzo mugimenduan zein politikan murgilduta. Ezker Batuaren zatiketaren ondoren, udal politikaren lehen lerrora egin zuen salto, eta alderdi horren zerrenda burua izango da maiatzaren 22ko hauteskundeetan. Donostiako Kirol Patronatuko langilea da Kintxo eta ezkerreko udal alderdien elkarlanari itxaropenez begiratzen dio.
Alternatibaren zatiketaren ondorengo lehen hauteskundeak dira. Zer espero duzue?
Guk ikusten dugunez, Euskal Herrian, ezkerreko zein eskuineko abertzaleentzat tokia dago, ezkerreko zein eskuineko alderdi estatalistentzat ere. Eta badago bosgarren taldea; hain zuzen ere, ezker federalistarentzat tartea ere badagoela uste dugu. Ordezkaritza aterako dugula uste dugu. Gure jarrerak tradizioa dauka Donostian, eta gobernatzeko bezainbestekoa izango ez bada ere, ordezkariren bat edo beste aterako dugu. Horrela gure proposamenak aurkeztu ahal izango ditugu; langileriari eta parte hartzeari begira egiten ditugu gure proposamenak.
Joan den astean jakitera eman zutenez, Bildu aurkeztu ahal izango da.
Guk beti defendatu dugu sentsibilitate guztiek ordezkatuta egon behar dutela, guzti-guztiek; ezker abertzalea, barne. Eta gure ustez, Sortuk berak egon behar zuen hauteskundeetan. Beraz, pozarren gaude, ezker abertzalearen sentsibilitate hori aurkez daitekeelako, eta, erakundeetan sartuta, politika egingo duelako. Elkarlanerako prest gaude. Azken buruan, gu ezkerreko jendea gara eta gauden egoeratik irteteko ezkerreko politikak gauzatu beharko dira.
20 urteren ondoren, Odon Elorza berriro alkate ikusten al duzu?
Ez naiz igarlea; baina, argi dago ziklo aldaketa datorrela, era guztietakoa. Mundu osoan ikusten ari gara, eta Euskal Herrian ikusten ari diren aldaketak nabarmenak dira. PSOE bere sasi ezkerreko politika eskuinera aldatzen ari da. PPk publikoa den guztiaren pribatizazioa besterik ez du nahi. Gainontzeko alderdietan konbultsioa ikusten ari gara. EA zatitu eta Bildura sartu da. H1! EAJn sartzen saiatzen ari da, baina ez diete uzten. Guk geuk gure zatiketa, Alternatiba, izan dugu; eta nabarmenena ezker abertzalearena izan da. «Bortxakeria errefusatzen dugu» esatea oso aldaketa handia da.
Udalbatzarraren zatikatzea alderdi txikiek eragina izateko aukera al da?
Oso gaizki joan zaizkigu orain arteko itunak, eta aspaldian erabaki genuen itunik ez egitea. Programa daukagu, eta hori mahai gainean jarriko dugu. Gaiak banaka negoziatuko ditugu, honekin edo harekin. Itunek asko lotzen zaituzte; gure kide ohiekin ikusi dugu. Bakoitzak zer nahi duen jakitea da inportanteena.
Euskararen inguruan zein proposamen egiten ditu EB-Berdeakek?
Donostia Gipuzkoako hiriburua da, euskara gehien hitz egiten den herrialdekoa, alegia. Hori diote, bederen, estatistikek. Eta ondorioz, hiriburutza hori beharko luke izan; hain zuzen ere, une honetan ez duena. Egun Udalak berak kalkulatzen du jendearen %60ak euskaraz hitz egiten duela. Epe batean aldatu egin beharko da hori, trantsizio batean gaudelako. 30 urte azpitik ia edozeinek daki euskaraz, eta eskoletatik kaleetara igarotzeko unea iritsi dela uste dugu. Nola? Ezagutza sustatuz, hitz egiteko guneak sortuz, auzoetan komunikazio tresna bilakatuz…
Zein da Udalen ardura krisiaren aurrean? Zer egin dezake?
Donostia erabat geldirik dago une honetan. Ekonomikoki gaizki dago, Odonek legegintzaldia gainditu du Donostigas enpresaren akzioak salduta. Aldundiak bere ekarpena murriztu du. Ez dago etxebizitza eraikitze nahikorik ere, obretatik dirua ateratzeko. Aldundiak bere ekarpena handitzea proposatzen dugu. Gure taldea lanean ari da Aldundiak fiskalitatean aldaketa egin dezan. Azken batean, gehien daukanak gehiago ordaintzea jarri dugu mahai gainean; diru gehiago bilduta ekarpen handiagoak egin ditzan. Bestalde, Udalak lanaren bultzatzailea behar du izan. Gu funtzio publikoaren defendatzaileak gara, eta uste dugu azpikontratek desagertu behar dutela.
Hiriko talde ekologistek Egiako parkea patronatu baten esku uztea proposatu dute.
Guk proposamen hori babestuko dugu. Parkeak ez ezik, ingurumenarekin duen guztia ere garrantzitsua da. Gure programan herritarren parte hartzeaz hitz egiten dugu, eta horrelakoetan gauzatzen da parte hartzea; izan ere, parte hartzerako egokiagoa da patronatua udal saila baino. Gure programan ere Lauaizeta parkea bukatzea proposatzen dugu, baita parke-korridorea osatzea ere.
Parte hartzearen adibide gisa aurkeztu dute 2016ko kultur hautagaitza. Nola ikusten duzue zuek?
Hasieratik esan dugu hau ez dela ondo egiten ari. Argi ikusi baikenuen ez dela elkarteen eta jendearen proposamena izan, baizik eta Odon Elorzak hauteskundeetara eramateko zerbait. Garai horretan dena erortzen ari zen. Une horretan Donostia obrak egiteko dirurik gabe gelditzen ari zen, eta Illunbe dela-eta Chopera anaien enpresari kalte ordaina emateko beharra.Odon enteratu gabe ere, krisia iritsi zen. Orduan bururatu zitzaion kultur hiriburua izateko kontu hau. Baina, horrez gain, zer kultura eskaini nahi dio Europari? Hori ez da eztabaidatu. Donostiak zerbait badauka, dagoen tokian egoteagatik, herria da. Hemen euskal gizartea dago, Euskal Herria, berezko kultura daukana. Esportatzeko, komunikatzeko kultura dauka honek; Europari erakusteko modukoa. Baina, garrantzitsua beharko lukeen hori ez da proiektuan azaltzen.
Errauste planta eraikitzen hasi dira Zubietan.
Gu ez gaude ados hondakinak kudeatzeko Donostiak hautatu duen ereduarekin. Erraustegia ez dela beharrezkoa erakutsi du atez-ateko bilketak; metodo horrekin hondakinak ia guztiz murrizten dira. Errauste plantak birziklatze politiken kontra doaz, horiek elikatzeko beharrezkoak direlako hondakinak. Eta horrelako azpiegiturekin beti egiten dena egin dute: hiriaren kanpoaldera eraman. Bestalde, Zubietara eta horrelako beste guneetara hiriaren erdigunean ikusi nahi ez diren elementuak eramaten dira.
Nola saihets daiteke hori?
Guk aspaldian jorratu dugu Auzoen Donostia kontzeptua, baita Distrituena ere. Parte hartzeaz hitz egiten dugunean, zera esan nahi dugu: auzo edota barruti bakoitzak ordezkaritza bat izatea. Baina ez Udalarekin komunikatzeko bakarrik, baizik eta benetako ordezkaritza izateko. Kudeaketa deszentralizatu nahi dugu, auzo eta barrutietara eramateko. Horren bidez, demokrazia errepresentatiboa demokrazia parte hartzailearekin ordezkatu nahi dugu.
Etxebizitza da herritarrak kezkatzen dituen gai nagusietako bat.
Ezker Batuaren apustua Babes Ofizialeko Etxebizitzaren aldekoa da, eta honen barruan alokairuzko etxebizitzarena. Jendearen pentsamoldeak aldatu behar du; eta alokairuzko etxebizitzak bizitza osorako behar du izan, eta erabiltzeari uzten zaionean administrazioaren eskuetara itzuli behar du. Dagoen dirua, nagusiki, bi gauzetara bideratu behar da, etxebizitza eta gizarte ongizatera. Eta gure ustez, etxebizitza publikoaren %50 edo %75 alokairuzkoa behar du izan. Bestalde, hirian etxe huts asko dago, eta Udalak badu horretan zeregina, besteak beste, higiezinen gaineko zerga igo daiteke. Higiezinetan dagoen kapitala alor produktibora mugitu behar dugu.