Hizkuntz politika ona, baina ez egokia
Herritarrengan duten eragin handia dela-eta, Eskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak udaletan garatzen diren hizkuntza politikak neurtu zituen 2006an. Ziklo politiko bat iragan denean, 116 herrien egoera aztertu du berriro. Herrialdez herrialde, bertako datuak ezagutarazten ari dira, eta asteartean, Donostiaren txanda izan zen. Dokan egindako ekitaldian, Gipuzkoako datuekin batera, hirikoak ere hizpide izan zituzten.
Euskarari sostengua ematen dioten herri gogoan corpus juridikoa, plangintza egokiak eta hizkuntza politikak irudikatzen zituzten eszenatoki gaineko lau zutabeek. Herri gogoa salbu, gainontzeko hiru alorretan sumatu dituzten hutsuneak ugariak direla zehaztu zuen Kontseiluko kide Maite Indak.
Hobekuntzak eta hutsuneak
Euskararen normalizazioa bideratzeko hizkuntza politika egokia 7tik gorako notak definitzen du. Izan ere, minorizatua den hizkuntza normalizatzeko diskriminazio positiboa beharrezkoa baita eta emaitza horrek euskara lehenesten dela esan nahi du. Donostiako Udalak, lau urte hauetan hizkuntza politikak aurrera egin du. 2006an 5, 38ko nota izatetik, 6,46 izatera pasa da. Hobekuntzen adierazgarri nagusi gisa, langile guztiak erabilera planetan sartu izana eta 0-3 urteko hezkuntza soilik euskaraz eskaintzea aipatu zituen Indak. “Hizkuntza paisaian dezente aurrera daitekeela esan liteke, eta ez dela egon joera koherenterik behatutako elementuen artean”. Modu zehatzagoan hainbat elementu ere nabarmendu zituzten. Besteak beste, euskara zerbitzua izatea,langile guztiak erabilera planetan sartuak egotea edo langileari euskalduntzeko aukera eskaintzea.
Hiriburuen artean hizkuntza politika egokiak definitzen dituen mailara iristeko gertuen dagoena da, baina hobetzeko bidea du oraindik. “Nagusiki laguntza bidezko politika du, eta hizkuntza eskubideen bermerako erabaki neurriak ez ditu maila berean jartzen. Bestalde, hizkuntzaren trataera kasurik onenean orekazkoa da, eta ez da euskararen aldeko diskriminazio positiborik egiten. Bi ezaugarri hauetan aldaketak ematea da aurrera egiteko bidea”.
Arnasguneak zabaldu
Euskararen normalizazioa gauzatzeko diglosi egora gaindituko duten politika eraldatzaileez gain, arnasguneak zabaldu behar direla ohartarazi zuen Kontseiluko idazkari Paul Bilbaok. Gipuzkoan aztertutako 39 udalerrietatik 29k hizkuntza politika egokiak garatzen dituzte, eta ondorioz, “Gipuzkoari trakzio lan garrantzitsua egitea dagokio, euskararen normalizazio prozesuan, geografikoki inguruko espazioetara zabaltzea klabea baita”. Horrekin batera, Kontseiluak osatutako euskara normalizatzeko hizkuntza politika berri eragingarria elkarlanean abian jartzeko prestutasuna adierazi zuen Bilbaok .
HIRIKO EMAITZAK
Hobetu beharrekoa
- Langile kontratatu berri guztiak euskaldunak izan daitezen ez dago erabakirik.
- Udalak diruz lagundutako talde eta entitateek errotulazioa euskaraz izan dezaten erabakirik ez da hartu.
- Udalak hizkuntza paisaian eta komunikazioetan euskara erabiltzeko erabakia hartua badu ere, erdara hutsezko edo nagusiki erdaraz diren elementuak daude.
- Ez da erabakirik hartu Udalari aholkularitza juridiko eta teknikoa eskaintzen dioten enpresek txostenak elebitan helarazteko.
- Praktika handieneko kirol eskaintzan helduek zailtasunak dituzte zerbitzua euskaraz jasotzeko.
- Ordenantza, plan orokorra eta euskara zerbitzua ditu.
- Langile guztiak erabilera planetan sartuak daude eta euskalduntzeko aukera eskaintzen zaio langileari.
- Herritarrekiko harreman zuzena duten azpikontratazioetan eta herritarren aholkularitzarako zerbitzu espezifikoetan hizkuntza irizpideak dituzte.
- Merkataritzan euskara sustatzeko egitasmoa du abian eta merkatariei horri begirako laguntzak ematen zaizkie.