Ongizate zentroek 14.915 familia artatu dituzte
2009an baino familia gutxiago artatu zituzten hiriko zazpi ongizate zentroetan, baina eskakizun gehiago jaso zituzten 2010ean, 19.834 guztira. Udal Ongizate zerbitzuaren datuen arabera, prekarietate ekonomikoari lotutako eskakizunak hazi dira gehien; diru-laguntzekin eta gizarteratze ekintzekin lotutakoak, %13 eta %63, hurrenez hurren. 2009an, gainera, diru-laguntzen eskakizuna %20 igo zen ja. Zaharrei eskainitako zerbitzu eta programen eskakizun kopurua, ordea, murriztu egin da. Menpekotasun legearen ezarpenari zor zaiola uste du Ongizate zerbitzuak. Beherakada honek krisi ekonomikoak eragindako eskakizun igoera orekatzea lortu du.
Oinarrizko beharrak asetzeko arazoak dituzten familiak nagusi dira gizarte zerbitzuei eskainitako zentroetan; 14.915, guztira. Amara Berri, Loiola eta Martutenen 1.482 familia berri artatu dituzte; Gros eta Egian, 910. Bi auzo hauetan hazi da gehien artatu beharreko familia kopurua. Indarkeria matxistaren 171 biktima artatu zituen iaz emakumeentzako programa bereziak. 2009an, berriz, 192. Bestalde, 85 urtetik gora duten eta bakarrik bizi direnen pertsonen egoera zein den ikertu zuten zerbitzuek.