Aurrekontuaren %2 euskarara bideratu nahi du Beolak
Aralarreko alkategaiak Udal Administrazioa hizkuntza eskubideen bermatzaile izatea aldarrikatu du.
Euskararen normalizazioan Udal Administrazioak dituen eginbeharrak nabarmendu ditu gaur Ainhoa Beola Aralar alderdiko alkategaiak. Agerraldia Euskaltzaindiaren egoitza izatekoa den Tolare baserrian egin zuten. Hizkuntza eskubideen bermea izateaz gain, euskararen alorrean udalaren jarrera sustatzailea aldarrikatu du hautagaiak.
Beolak azaldu duenez, Udalak herritar orori bermatu behar dio erakunde honekin izandako komunikazio guztiak «aukeratutako hizkuntzan» izango direla. Ahalegin hauei aurre egiteko, Aralarreko kideak proposatu du euskararen inguruko gaiek udal aurrekontuaren %2 jasotzea.
Beola bukatu berri den legegintzaldian Hizkuntza Normalkuntzako zinegotzia izan da. Atzo bere agintaldian onartu den Euskararen V. Plan Orokorra balioetsi zuen, eta berau garatzeko konpromisoa agertu du.
Bestalde, Beolak erantzuna eman die kanpainan, Euskararen Patronatua deseginda, udal administrazioaren egituran txertatzeko egin diren proposamenei : «Ez da egitura kontua. Garrantzitsuena da zein neurri hartuko diren».
Hizkuntz politikak, eztabaidan
Alderdi nagusiek euskararen inguruan dituzten proposamenak azaltzeko aukera izango dute bihar, 19:00etan, Koldo Mitxelenan. Bageraren gonbitea onartuta, Aralarreko Ainhoa Beola, Bilduko Juan Karlos Izagirre, EAJko Miren Azkarate, EBko Gotzon Egia, H1!eko Iñaki Galdos, PPren zerrendako independente Arantxa Azurza eta PSE-EEko Denis Itxaso hautagaiek normalizaziorako politikak azalduko dituzte.