Bidegorria luzatzeko eskatuko dute Martuteneko bizilagunek
Loiola eta Martutene ibaiertzetik eta errepidetik lotzeko bidea eskatuko dute bizilagunek
Martutene eta Loiolako bizilagunak kalera irtengo dira ostiral arratsaldean oinezko bidea eta bidegorria eskatzeko. Martxaren aldarrikapena bikoitza da. Batetik, Loiola eta Martuteneko bidegorriak elkartzea eskatuko dute, bizikleta eta oinezkoentzako bide batez, eta bestetik, Urumeako erriberatik ere auzoak elkartuko dituen bidea egitea.
Urrian ospatu zen Mugikortasunaren Astean egin zituen lehen bilerak eta proposamenak Martuteneko auzotarren elkarteak. Auzoko Cristina Rodriguez Urkijo arkitektoa arduratu da aurreproiektuaz. Ideiak indar handia hartu du auzoan, eta Udalean ere harrera ona egin diote. «Ez dakigu hauteskundeen aurreko garaia delako izan den. Hala ere, orain egin nahi izan dugu martxa, hautagai guztiek kontuan har dezaten gure eskaera», zehaztu du Rodriguezek.
Izan ere, bizilagunen nahia da gune horretarako aurreikusita dauden Abiadura Handiko Trena, Urumeako ibai parkea edota babes etxebizitzen eraikitzea gauzatu aurretik egitea da. Rodriguezen hitzetan, «orain egitea nahi dugu ez baita garestia eta auzoaren egiazko beharra delako Martutenetik Txominera dauden bi kilometroak, anbulategira joateko egin behar dituzte auzotarrek, eta bide horretan hainbat gunetan ibiltzea ezinezkoa da, bereziki, gurpil aukietan doazenentzat edo ibiltzeko zailtasuna dutenentzat».
Aldarrikapena, etzi
Kalapiek eta Loiolako kultur etxeak babestuta, Martutenek aldarrikapen martxa deitu du. Astigarraga eta Martutene elkartzen dituen egungo bidegorria amaitzen den tokitik irtengo dira, ostiralean, 19:00etan. Bidegorritik bidegorrira joango dira, Martutenetik Loiolara. Ibilbidea bidegorri eta oinezko bide bilakatu nahi duten tokitik egingo dute. Urumearen ibarra ere balioetsi nahi dutenez, ibaiertzeko bidea egingo dute. Rodriguezen ustez, ibarra «ahaztua dago eta aisiarako erabilgarri egin nahi dugu, ibai parkearen proiektuaren aurretik. Aukera asko baititu gutxieneko egokitzearekin».
Martxa amaitzean, ibaiertzeko baserriaren ondoko zelaian askaria egin, eta ondoren, Loiola zaharraren argazkiak proiektatuko dituzte.