Espero ez zituen gonbidatuak izan ditu Elorzak
Azken agintaldian izandako buruhauste eta gogoetak jasotzen dituen liburua kaleratu du Odon Elorza alkateak. Lau urteotan, proiektuz, proiektu, ametsez amets eratu duen kronika politiko eta emozionala dela kontatu du Marisol Garmendia PSE-EEko zinegotziak La Pasion de la Experiencia liburuaren aurkezpenean.
Idazteko duen zaletasuna eta teknologia berriek harrapatu dutela aitortu du Odon Elorzak. Haien erruz, ordu eta erdi gutxiago lo egiten duela adierazi du.
Musikenek ere lorik kentzen ote dion jakiteko, liburuaren aurkezpenera joan zen gazte talde bat atzo, eta Goi Mailako Musika Ikastegia salbatzeko aldarrikapen ixila egin zuten. Galderak egiteko unean, atzean zuen gazteetako batek Carmen Rodriguez Suso Musikeneko koordinatzaile nagusia kargutik kentzea babestuko lukeen galdetu zion alkateari. Galdera horri zuzenean erantzun ez bazion ere, aurkezpena amaitutakoan, alkatea eta gazteak solasean aritu ziren. Aldarrikapenak idatziz bidali eta elkarrekin bilera bat antolatzeko eskaera egitera gonbidatu zien Odon Elorzak.