Iñaki Galdos: "Gaur egun drama bat baldin badago, langabezia da"
Eusko Alkartasunatik 2009an banatu ostean, lehen aldiz aurkeztuko da Hamaikabat hauteskunde batzuetara; Iñaki Galdos da hiriko zerrendaburua.
Euskal filologian lizentziatua da Iñaki Galdos (Oñati, 1966). Urteak dira bere politika ibilbidea hasi zuela; Oñatiko zinegotzi izatera iritsi baitzen, 1995ean, independente bezala. Ondoren, EAra afiliatu zen eta euskal parlamentuan eta Batzar Nagusietan ere lan egin zuen. 2007tik Aldundiko kirol departamentuko kidea da. Hamaikabat alderdi txikia den arren, «alderdi erabakiorra» izango dela uste du.
2007tik Aldundian ari zara lanean. Udal politikara jotzea aldaketa nabarmena izango da, ezta?
Aspaldi hartu nuen erabakia. Gainera, gehiago esango dut; Foru Aldundian sartzeko aukera onartu nuenean, esan nuen legegintzaldi bakarra egingo nuela. Beraz, Aldundia uzteko erabakia hartua nuen. Gero, alderdiko talde batek eskatu zidan nire hautagaitza aurkezteko Donostiako Udalerako. Gogoeta egin nuen eta, horren ondoren, baiezkoa eman nuen. Badakit oso mundu desberdinak direla. Ezagutzen dut alde bietan egondako jendea, bai Udalean bai Aldundian eta esan didate ez dutela zerikusirik. Baina ilusioz heltzen diot erronka honi.
Zeintzuk dira Hamaikabatek hiriko programan zehaztu dituen ildo nagusiak?
Hasteko, bi gogoeta egiten ditugu. Batetik, Donostian eztabaida handiegiak eta askotan antzuegiak daudela gai potoloen inguruan; gehienetan gauzatzen ez direnak, gainera. Adibidez, metroa. Horren ondoan, gure ustez, hainbat gai txikiei ez zaie behar adina garrantzia ematen. Horregatik jarri diogu gure kanpainari Gauza txikien indarra leloa. Bestetik, hiria ziklo berri batean sartuko dela uste dugu, guk post odonismoa deitzen dioguna. Hala, Odonen zikloa bukatutzat ematen dugu eta ezker abertzalea Udalean indartsu sartuko da. Horregatik, Udalean egitasmo berriak egin behar dira. Donostiako plan estrategikoak ondo dioen bezala, hiriaren gaitzetako bat autokonplazientzia da. Horrek esan nahi du, askotan benetako arazoei ez zaiela jaramon handia egiten eta aurrera ez egiteko arriskua dagoela.
Zer litzateke Donostian aldatu beharreko lehenengo gauza?
Donostian eta alde guztietan gaur egun drama bat baldin badago, langabezia da. Milaka pertsona ari dira egoera hori pairatzen eta batez ere kezkatu behar gaituena hori dela uste dut. Neurriak hartu behar dira. Badakit ez direla Udalak gai horretan pisu handiena izan beharko luketeen erakundeak. Hala ere, langabeziaren arloan Udalak zer egina baduela uste dut. Badaude beste hainbat arazo; etxebizitza, mugikortasuna… horiek guztiak konpondu beharko lirateke. Horrekin batera, kasu egin beharko genieke aberastasun iturri izan diren beste hainbat esparruri. Zerbitzuak, adibidez; turismoa, sukaldaritza, dendak… beraz, bi esparru horietan lanpostu asko sor daitezkeela uste dugu eta aberastasun askorekin.
Zer egin daiteke orduan langabeziaren arazoa konpontzeko?
Urrats garrantzitsuak eman dira hirian; bioteknologietan, nanoteknologietan, ikerketan, berrikuntzan, garapenean… eta uste dugu etorkizunean erronka hauei aurre egin behar zaiela. Inguru horretan lanpostu asko sor daitezke.
Etxebizitza konpondu beharreko arazoen artean aipatu duzu. Nola ikusten duzue kontua?
Arazo larria dagoela uste dugu. Ikusi besterik ez dago, azken zozketan, 13.000 pertsona zeudela izena emanda, 400 etxebizitzetarako. Legealdi honetan, neurri handi batean, porrot handia izan da. Zozketak eta proiektuak egin dira, baina 400 etxebizitzetako giltzak bakarrik banatu dira. Auditz Akular geldirik dago oraindik eta Txomin Enean ere ikusi dugu zer gertatu den. Onartzen dugu, hala ere, eta hori horrela da, dena ez dela Udalaren errua izan. Ez ginateke zintzoak izango erru guztia Udalari botako bagenio. Neurri handi batean krisiak eragindako porrota izan da. Hala ere, urrats berriak eman behar dira eta, inolako zalantzarik gabe, alokairuko etxebizitza bultzatu behar da.
Zein iritzi duzue Europako Kultur Hiriburu izateko hautagaitzaren inguruan?
Alde gaude. Hiriak ekimen hori lortzea merezi duela uste dugu eta onuragarria izango da. Oro har ados gaude eman diren urratsekin, baina gauza batek kezkatzen gaitu. Agian gehiegizko itxaropena sortzen ari dira; eta, beldur gara helburua lortuta ere, herritar askok ez ote duten esango, ‘hau al zen dena?’. Beraz, ados gaude, baina agian, batzuk ematen ari diren garrantzia gehiegizkoa da. Gainera, kultura ulertzeko modu asko daude eta hori ere ez litzateke ahaztu beharko.
Euskara bultzatzeko proposamenik baduzue?
2011-2015 Donostiako Euskararen Plan Orokorra aztertu dugu eta plan ona iruditzen zaigu. Gure ustez, egin daitekeen proposamen onena plan hori abian jartzen da. Tresna egokia izan daiteke Donostia euskalduntzeko bidean. Abian dago ere, 2012ra arte, etxe barruan euskararen erabilera normalizatzeko plana. Donostia, Euskal Herriko hiriburu euskaldunena izanik, beste asko baino askoz hobeto dagoela. Kontseiluak egindako rankingaren berri ere izan dugu. Gure ustez egia da ez nahikoa jasotzen duela, 6’4 punturekin. Hala ere, onartu behar da azken urteetan gora egin duela balorazioko alderdi askotan. Paisaia handitu da, Udaleko barne erabilera ere… beraz, administrazioen aldetik urratsak eman dira. Agian, garrantzia handiegia ematen diogu Administrazioa euskararen inguruan egiten ari den lanari, eta berebiziko garrantzia du. Ahalegin gehiago egin beharko luke gizarteak berak euskalduntzeko bidean. Donostia euskaldunago baterako bidea, batez ere, biztanleen eskuetan dago. Gauza askotan, Administrazioa gizartea bera eta euskaldun asko baino aurrerago dago.
Odon Elorza berriro alkatetzan ikusten duzu?
Agian ez da zuzenegia nik esatea, baina nik uste dut, Odonek boto jaitsiera izango duen arren, hauteskundeak irabaziko dituela. Era berean, Donostia ziklo berri batean sartuko dela uste dut eta zalantzak ditut Odon legegintzaldi bukaerara iritsiko ote den. Odon bat da, eta, bere alderdia, beste bat. Hala ere, uste dut onartu beharko dugula, Odon alkate izan den bitartean, oposizioak ez duela asmatu.
Hamaikabatek lehen aldiz parte hartuko du hauteskunde batzuetan. Zer espero duzue?
Onartzen dugu alderdi berria garela, txikia eta ezezaguna. Ez dira ezaugarri onenak hauteskunde batzuei aurre egiteko. Badakigu ez ditugula sekulako emaitzak lortuko, baina alderdi erabakigarria izango garela uste dugu. Lehen ere ohituak gaude inkestetan emaitza txarra jasotzera. Hala ere, donostiarrei gure mezua zabaltzea lortzen ari gara.
Zein iritzi duzue Bildu auziaz?
Pozik jaso dugu albistea. Uste dugu Donostian milaka pertsonen botoa jasoko duela. Hala ere, behin epaitegietako istilu guztiak igaro ostean, Bilduk hirirako dituen proposamenak ezagutu nahi genituzke. Legez kanpo uztea ez litzateke justua izango, baina duela lau eta zortzi urte ere ez.
Akordiotarako zabalik zaudete?
Udalaren baitan akordioak lortzeko prest gaude, bakoitzak datozen urteetarako dituen proposamenak ikusita. Baina ez dugu konfrontazio estrategietan parte hartu nahi. Ikusi beharko da alderdi batzuek goitik ere zein agindu jasotzen dituzten.