Bi gazte laborategiko esperientzia gauzatzen. (Argazkia: Zurriola Ikastola).
Karmele Alzueta sariak hezkuntza alorreko berrikuntzak nabarmentzen ditu. Jaurlaritzako Hezkuntza sailak aldarrikatzen du urteko irabazlea, eta, aurten, Gasteizko Ibaiondo ikastolak eraman du ohorea etxera. Hala ere, aipamen berezia irabazi du Donostiako Zurriola ikastolak. Hain zuzen ere, Groseko ikastetxean gauzatzen duten zientzia irakasteko proiektua nabarmendu dute
accesit batekin.
Zurriola ikastolako hainbat ikasle, irakasle eta guraso joan ziren Gasteiza garaikurra jasotzera. Izan ere, Alzueta sariak nabarmendutako proiektuan, ikastolako hiru alor horietako partaideak baitaude. Josebe Muguruza zientzia irakasleak azaldu duenez, 2009ko Kilometroak jaiaren inguruan sortu zen proiektua «ikastolako guraso baten ekarpena izan zen».
Hala eta guztiz ere, proiektuaren protagonistak ikasleak beraiek dira. Ohi moduan, haur eta gazteak formatzera zuzenduta dago Zientziaz blai proiektua. Baina, saria lortzera bideratu duen ezaugarria beste bat da: ikasleak irakaslea izatea.
Proiektua ikastolako 10 eta 18 urte arteko ikasleei zuzendua dago, eta ikasleek beraiek esperientzia bat azaltzean datza. Horretarako maila eta bakoitzeko bikote bat trebatu egiten da esperientzia jakin horretan. Edukiak ondo barneratuta dituztela, beraien gelakideek jasoko dituzte hauek emandako azalpenak.
Modu horretan, gela bat bete irakasle dago ikastolan, eta hauek beste geletako ikasleei irakatsiko dizkiete beraien esperientziaren nondik norakoak. Muguruzak azaltzen duenez, oso ondo funtzionatzen duen proiektua da, «ikasleak direlako protagonista».
Hain zuzen ere, ondo funtzionatzen duelako mantendu dute indarrean Kilometroak 2009aren inguruan sortutako proiektua.
Igandean, Ikastolaren Eguna
Sariaz gain, pozik eta urduri egoteko beste arrazoi bat izango dute Zurriola ikastolan egun hauetan. Hain zuzen ere, igandean ospatuko baitute XIV. Ikastolaren Eguna. Izan ere, ikastolan edukiak jasotzeaz gain, bizitzen ere ikasi beharra dago eta bizitzaren ezinbesteko partea da festa.
1mgoni@hitza.info