Mendi zurietan hezitakoak
Iker Gastaminzari eta Ana Iriondori etxetik datorkie eskiatzeko afizioa; oso txikiak zirela jantzi zituzten lehen aldiz eskiak eta Espainiako Txapelketetan garaipenak lortu dituzte, Haur Mailan.
Iker Gastaminzaren eta Ana Iriondoren pasioa eskiatzea da. Biak ere Kataluniako CEVA taldeko kideak dira eta Espainiako Haur Mailetako txapelketetan podiumera behin baino gehiagotan igotzea lortu dute. Txikiak zirela hasi ziren eskiatzen, gurasoen eskutik eta, gaur egun, denboraldian dauden bitartean, astebururo joaten dira eskiatzera. Euren esperientzien berri eman diote Irutxuloko Hitzari.
Bi urterekin jantzi zituen eskiak lehen aldiz Iker Gastaminzak (Aiete, 1996). «Aurrerago, lasterketa batzuetan parte hartu nuen eta nahiko emaitza onak lortu nituen, baina ez naiz gogoratzen», aipatu du Gastaminzak. Astun eta Candanchu inguruan ibiltzen zen hasieran eta, bospasei urterekin, lehiatzen hasi zen. «Canfrancen etxea genuen eta astebururo joaten ginen». Orain Vielhan dute etxea eta Baqueira Beretera joaten dira eskiatzera. Bere anaia Aitorrek ere eskiatzen zuen eta, orain, monitore lanetan dabil. «Astebururo kanpora joatea ez zait gogorra egiten. Egunero, ikastolara joateko edo eskiatzeko zazpietan jaikitzea da okerrena».
Zortzi urte zituenetik CEVA taldeko kidea da eta ordutik Kataluniako eta Espainiako hainbat lehietan parte hartu izan du. Gainera, 2008an Espainiako Txapelketan Haur Mailako txapeldunordea izan zen, eslalomean.
«Txikienetakoa nintzen, nire lehen urtea baitzen maila horretan. Ez nuen ezer ere galtzeko eta onenen artean nengoen. Ezustekoa izan zen». 2010ean ere, Espainiako Txapelketan podiumera igotzea lortu zuen. Orduan, erraldoian hirugarrena izan baitzen.
Azkenean, aurtengo apirilean, erraldoian irabazlea izatea lortu du. «Lehen eslalomean hobea nintzen eta azkenaldian, berriz, erraldoia hobetzen joan naiz». Nazioarteko txapelketetan ere parte hartzen hasia da. Iaz, Andorran izan zuen lehen esperientzia eta lan hobea egitea espero zuela dio. Aurten, Whistler Cup-en ere parte hartu du eta nahiko gustura geratu da lortutakoarekin. «Maila aldaketa handia nabaritzen dugu», dio eskiatzaile gazteak.
Hiru modalitatetan lehiatzeko aukera du: eslaloma, erraldoia eta super erraldoia. Lehen, eslaloma zen Gastaminzaren gogokoena, baina, orain, bere emaitzak ikusita, erraldoia nahiago du.«Denboraldia zerbait berezia egiten hasten dugu; Landetara joan eta surfa egiten dugu, adibidez. Gero, normal entrenatzen hasten gara eta, lasterketak hurbil daudenean, gogorrago aritzen gara». Behin denboraldia bukatuta, familiakoekin eskiatzen eta mendi eskia egiten ere ibiltzen da.
Taldekideen erdia Euskal Herrikoa da eta beste erdia, Kataluniakoa. Gastaminza oso pozik dago beraiekin. «Taldekide guztiak ongi moldatzen gara eta beti txantxetan ibiltzen gara gure artean. Beste batek eta nik dugu maila onena». Edonola ere, ez du etorkizunera begiratzen. «Oraindik jarraitu nahi dut, ahal dudan bitartean. Datozen lau urteetan jubenil mailan lehiatuko naiz; ikusiko dugu nola moldatzen naizen».
Pixkanaka, goruntz
Ana Iriondo (Ondarreta, 1998) ez da etxeko lehen eskiatzailea; bere gurasoak eta bi anaia zaharragoak ere eskiatzen ibilitakoak baitira. Hiru urte zituenetik Baqueirara Beretera joaten da eta aspalditik da CEVA taldeko kidea. Taldekideekin oso ongi moldatzen dela dio.
«Bost edo sei urterekin ditut lehen oroitzapenak. Duela bost urte hasi nintzen txapelketetan parte hartzen eta maila geroz eta gogorragoa da». Super erraldoia da Iriondoren probarik gogokoena, luzeena eta azkarrena. «Duela urtebete hasi nintzen super erraldoia egiten eta azkar noalako gustatzen zait».
Alebin mailan lortu zuen lehen garaipena eta, ordutik, bere lorpenak badira batzuk. Aurten, Kataluniako txapelduna izan da erraldoian, eta, Espainiako Txapelketan, berriz, eslalomeko txapeldun ordea eta hirugarrena super erraldoian. «Aurreko urteetan ere nahiko ongi ibili naiz, eta pozik nago lortutakoarekin. Lehenengo 15 sailkatuek izaten dute maila handiena eta badakit beste batzuk ere podiuma lor dezaketela».
Zehazki, aurtengo denboraldia uste baino hobeto joan zaiola onartu du. «Ongi hasi nintzen, baina gero behera egin nuen eta, azkenean, oso oso ongi bukatu dut». Iaz parte hartu zuen lehen aldiz nazioarteko txapelketa batean eta, aurten ere, lehiatu da. «Alde handia dago Espainiako txapelketetatik nazioartekoetara. Oso ongi eskiatzen dute». Aurrera begira, ordea, ez du esperantza handiegirik. «Profesionaletara iristea gustatuko litzaidake, baina uste dut gurasoek ez didatela utziko. Beste bost urtez behintzat jarraitzeko asmoa dut».