Turistek hirian bizitakoa ez ahazteko liburua kaleratu du Sara Santos argazkilariak
Paisaia, festa eta monumentuak irudikatu ditu ‘Donostia-San Sebastian’ lanean
Ez da Donostia Turismok argitaratutako lana, baina turistentzako souvenir bihurtu daiteke: «gure lanarekin, kanpotarrak erakarri eta haiek zerbitzatzeko lanarekin lotura handia du», adierazi du Manu Narvaezek, Donostia Turismoko arduradunak. Everest argitaletxeak kaleratu du ‘Donostia-San Sebastian’ lana. Sara Santos argazkilari amaratarrak hirian egindako argazkiekin osatutako argitalpena da. «Donostian zehar egindako ibilbide moduko bat da. Hirurogeita lau orrialdetan txokorik berezienak eta ederrenak bildu ditugu». Hiriko arkitektura eta paisaiez gain, bertakoak, festak eta ohiturak ere irudikatu ditu: «Hiriak pertsonek egiten dituzte, eta horregatik, haiek ere agertzen dira irudietan. Ez nuen argazki estatikorik egin nahi».
Ez da Donostiaren inguruan egiten duen lehen proiektua, ezta Everest argitaletxearekin lan egiten duen lehen aldia. Iaz ‘Donostia-San Sebastian Monumental y Turistica’ liburua aurkeztu zuen. Orduan ere hiriaren «esentzia» jaso nahi izan zuen: herri kirolak, gastronomia, Jazzaldia, Zinemaldia, Aquariuma, Kontxa, eskulturak, Parte Zaharra, jendea…
«Donostia maite dutenek etxeko liburutegian eduki beharko luketen liburua dela uste dut», adierazi du Santosek. Haren ustez, «etxera eramateko oroitzapen polita da». Donostiar petoa da Santos: «Hiria maite dut, eta izugarri disfrutatu dut argazkiak egiten. Lan asko egin dut, eta urte luzea izan da, baina emaitzarekin pozik nago». 4.000 argazkiren artean 70 hautatu behar izan ditu: «Ez da batere erraza izan. Irudi mordoa pilatu ditut. Gainera liburua bertakoentzat eta turistentzat izatea nahi genuen, eta konplikatua izan da». Kontxako badiaren irudia aukeratu dute azalerako: «Hiriaren ikonoak derrigor izan behar ziren argitalpenean». Narvaezen ustez, gainera, «turista oso fetitxista da. Bisitatu duen hiria gogora ekarriko dion oroigarria nahi du. Gure bulegoan badiaren posterra da salduena».
Gazteleraz, frantsesez eta ingelesez izango da eskuragarri liburu dendetan eta Donostia Turismoren bulegoan. 9, 95 eurotan izango da salgai: «Formatu hau izugarri eskertzen dute bisitariek. Baditugu handiagoak eta garestiagoak, baina hauek eskatzen dituzte gehien», azaldu du Narvaezek.