Eneko Goia, EAJren Donostiako alkategaia, Gipuzkoa plazako lorategian. (Argazkia: Mikel Goñi).
Eneko Goia (Amara, 1971) EAJren Donostiako alkategaia da. Udal politikan arituta bada ere, ez da inoiz udalbatzarreko kide izan; hala ere, Gipuzkoako Aldundiko Errepide diputatua izan da azkeneko lau urteetan. Jakintza, turismoa eta euskal kultura ikusten ditu hiria aurrera ateratzeko ardatz eta indar guneak.
Elorzak 20 urte daramatza alkatetzan. Berriro alkate ikusten al duzu?
Hori jendeak esango du, hauteskundeen ezaugarri nagusia horixe da, jendeak aukeratzen duela. Etapa agortu batean gaude, eta badago Donostian aldatzeko gogo eta nahia. Aukera guztiak ordezkatuta egoteak hori posibleagoa egiten du. Ez litzateke ona izango aldaketarik ez izatea, 20 urte karguan daraman pertsonak hiria eta bere burua nahasteko joera izan dezakeelako.
Bilduren presentziak aldaketa posibleago egiten duela diozu, baina bidea korapilatsua izan da.
Tamalgarria da honaino ailegatu behar izatea. Azkenean prozesu luzea bizi dugu; ondorioa oso ona izan den arren, hobea ere izan zitekeen, hasieratik aukera hori egon izan balitz. Zoritxarrez ez da horrela izan, beste interes batzuk gurutzatu direlako. Nik uste dut horrek markatuko dituela hauteskundeok eta, batez ere, gerokoa markatuko du. Erakundeetan espresio guztiak egoteak suposatzen du pauso bat gehiago normalizazioaren bidean eta abiapuntu egokia aurrera egiteko.
Hauteskundeetako emaitza jo duzu garrantzitsuen. Zer espero duzue?
Emaitza ona izango dugula uste dut; azken lau urteetan egin dugun lana baloratuta izango dela. Modu eraikitzailean lan egiten saiatu garelako, herri honen izaera defendatzen izan dugun frentearen aurrean. Donostiaren kasuan espero dut aldaketaren aldeko apustua egitea, eta Donostian aldaketa norbaitek ekartzekotan EAJk ekarriko luke.
Zein ikusten duzu, krisiaz gain, Donostiaren arazo nagusia?
Hiriak gertuen sentitzen dituen arazoak enplegua eta etxebizitza dira, ezbairik gabe. Bestalde, erronka orokorragoa eta den-denean eragina duena nondik joko dugun definitzea da. Horretan asmatzen ez badugu, etxebizitzan edo enpleguan asmatzea oso zaila izango da. Guk hiru norabide aipatzen ditugu: jakintza, teknologia berriak, lurraldearen industriara bideratuta; turismoa eta erakartzeko ahalmena; eta hirugarrena kultura, euskal kultura.
Zeintzuk dira euskara sustatzeko dituzuen proposamenak?
Ezagutza mailan hazkundea gertatzen ari da, baina erabilera mailan pausuak ez dira nahi bezala eman. Beraz, funtsezkoena euskarari prestigioa ematea da orain. Hori da erakunde batek egin dezakeen ekarpenik garrantzitsuena. Noski, gero laguntzak eskaintzeko beste politikak daude, baina aterki orokorra prestigioa emateak behar du izan. Adibidez, beste gauza askoren artean, ona litzateke euskararen prestigiorako alkatea bera euskalduna izatea.
Enpleguari begira zer egin dezake Udalak?
Udaletik zenbait egoerari erantzuna ematen saiatu, arazoak dituztenei erraztasunak eman. Baina, hori epe motzeko jarrera da, egin beharrekoa, baina, epe motzekoa. Larrialdiei erantzun egin behar zaie, baina perspektiba galdu gabe. Zure hiriak zertan izan dezaken aktibitate ekonomikoa aurkitu eta horri bide ematea. Nire ustez hiru dira hiriak dituen indarguneak; ezagutza, turismoa –gainera, hau areagotuko da denok desio dugun prozesu honek aurrera egiten badu– eta euskal kulturaren munduko ispilua izatea. Horietan sortzen den aktibitateak eman dezake erantzunik onena enpleguan.
Herritarrek ere etxebizitza ikusten dute bere arazo nagusietakoa.
Herritarrena ez ezik, hiriarena ere bai. Etxebizitzarekin sortzen den arazoak gero ondorioak ditu, esaterako, hiriaren bataz besteko adinean edota herritarren profilean. Honen inguruko proposamen errealista egin dugu, uste dugulako halako enkante moduko bat egon dela gai honetan. Kontziente izan behar dugu datozen urteak, honetan ere, ez direla errazak izango. Bereziki, urbanoak diren guneak osatu behar dira. Hiri honek baditu hainbat gune, Aldunaene, Txomin Enea edota Altzako Pescafria, gune urbanoan daudenak eta errazagoak direnak garatzen. Horiek guztiak gauzatzeko gai izango bagina, eskaintza bat izatea lor genezake, eta, horretan, lehentasun osoa ematen diogu Babes Ofizialeko Etxebizitzari, baina, alokairuan. %75 horretara zuzendu nahi dugu, justuena iruditzen zaigulako eta, bigarrenik, gazteen kolektiboari erantzuna eman diezaiokeelako. Zenbakiez hitz egin dugu ere, alokairuzko 4.000 etxebizitza parke izatera iritsi nahi dugu. Jada badago hirian ia 2.000ko parkea. Beraz hortik abiatuta errealista da 4.000ra iristea.
AHT eta errauste plantaren aldeko apustua egiten du EAJk.
Egia da proiektu horien inguruan eztabaida dagoela. Baina, Aldundian izan dudan ardura izanda, eta Gipuzkoako errepide sareak izan duen garapena kontuan hartuta, harrigarria da ez dudala lau urteetan eztabaidarik izan talde ekologistekin. Abiadura Handiko Trenak eta errauste plantak eskaintzen dituzten abantailak nabarmenak dira; Abiadura Handiko Trenean mugitzeko era askoz iraunkorragoa da beste edozein mugitzeko modu baino, eta alternatiba eskaintzen dio kutsakorrena den hegazkinari. Zaborraren kudeaketan, konparaketa egin behar duzu une honetan daukagun sistemaren eta abian jarri nahi duzun sistemaren artean. Zabortegiak dauzkagu eta nik ez dut ezagutzen zabortegi bat baino gauza kutsakorragorik. Zilegi da norberak bere zalantzak izatea, baina bi proiektu hauen kasuan, onurak eta kalteak neurtuz gero, nik ez daukat zalantzarik.
Donostia hiri heterogeneoa da. Zer proposatzen duzue auzoei begira?
Donostia oso asimetrikoa da auzoei dagokienez. Esaterako, ni Amarakoa izanda, badakit Amarak eta Egiak oso ezaugarri ezberdinak dituztela. Guk deszentralizazioaren aldeko apustua egiten dugu. Hiru kasu oso zehatzen inguruan programan hitz egiten dugu; Altzaren kasuan ulertzen dugu distrituaren figura komeniko litzatekeela, bai nortasuna duelako eta baita kudeaketaren ikuspegitik distantziak markatu egiten duelako. Igeldoren kasuan, bertan dagoen eztabaida izanik, toki entitate txikiaren figura hori izan litzatekeela figura egokia; legeak une honetan hori aurreikusten du eta gainera oso botere handia emango lioke. Azkenik, Zubietaren kasuan ere, bertako juntaren indartzea ez litzateke gaizki egongo. Gainontzekoetan, berriz, nik uste dut garrantzitsua dela nortasuna mantentzea, baita eskaintzen zaien zerbitzuetan berdintasuna egotea ere.
Hiriko mugikortasunerako zer proposamen duzue?
Guk egoki ikusten dugu TAO sistema merkataritza edo etxebizitza izaera duten guneentzat; baina, aparkalekua erregulatzeko bakarrik, ez luke dirua biltzeko helbururik izan behar. Beste gauza da lan guneetan zer egin; guri bertan TAOa ezartzea gehiegikeria iruditzen zaigu. Miramonen edo, adibidez, Zuatzun egin nahi izan dena gehiegikeria zen, eta hauteskundeak pasatutakoan ikusiko dugu zer gertatzen den. TAO ezarri zenean espresuki esan zen merkataritza eta etxebizitza guneetarako sistema zela. Zalantzarik gabe hor egin beharreko lehen planteamendua garraio publikoaren erabilerarena da, eta ez da erraza. Esaterako, Miramonen kasuan, bertara lanera joaten direnen erdia ez dira donostiarrak, baizik eta lurraldetik datozenak.