Musikeneko zuzendaritza taldeko hamahiru kidek dimisioa aurkeztu dute
Rodriguez Susoren kudeaketa «tamalgarria» dela eta, Musikene galzorian dagoela salatu dute
Musikeneren egoera larritzen hasi da, eta irakasle eta ikasleek prentsaurrekoa egin zuten atzo haren berri emateko. Azken bi asteotan zuzendaritza taldeko hamahiru kidek dimisioa aurkeztu dute. Hemezortzi kidek osatzen dute taldea. Oraingoz, euren karguak betetzen jarraitzen dute: «Ez ditugu gure ikasleak kaltetu nahi, horregatik joaten gara lanera». Musikeneko koordinatzaile orokorra Carmen Rodriguez Suso haien konpromisoaz baliatzen ari dela salatu dute: «Musikenen dena ondo dijoala eta arazorik ez dagoela. Hori da berak zabaldu nahi duen irudia. Babesik gabe gaudela sentitzen dugu, oraindik ez dugu erantzunik jaso».
Irakasle eta ikasleak haien salaketak publiko egiteko beldur direla azaldu dute, zigortu egingo dituztelakoan baitaude: «Iragan iraileko hogeita zazpi irakasleen kaleratzeak mendekuz egin zituzten, ez zuten arrazoi ekonomikoengatik egin».
Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiak ospea berreskuratzeko arduradun nagusien ordezkapena «behar-beharrezkoa» dela adierazi dute. Rodriguez Suso koordinatzaile orokorra eta Juan Carlos Perez zuzendari akademikoa ordezkatzea Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuak «saihestu ezin dezakeen erantzukizuna» dela gaineratu dute.
Rodriguez Susok duela hemeretzi hilabete hartu zuen kargua: «Oraindik ez dakigu zein hezkuntza eredu ezarri nahi duen. Bere jarrerak konfiantza falta erabatekoa sortu du irakasleen eta ikasleen artean, eta urduritasun egoera etengabekoa izan da zentroan». Koordinatzailearen kudeaketa «unipertsonala eta despotikoa» izan dela salatu dute: «Musikeneren kudeaketa tamalgarria dela eta, haren etorkizuna galzorian da».
Apirilaren 1ean Perezekin bildu ziren zuzendaritza taldeko kideak Musikenen egoeraz hitz egiteko: «Perezek dimisioa emateko asmoa zuela esan zigun. Gure alde zegoela ziurtatu zigun, eta Rodriguez Suso Musikenerentzat arazo larria zela esan zigun, ia negarrez. Baina aste bete beranduago karguan jarraitu zuen, eta ‘egoera gotik behera aldatu zela’ esan zigun. Gure eskakizunei entzungor egin diote. Musikeneren etorkizunaren inguruan ez dugu ikuspegi bera partekatzen eta ez dugu dimisioa aurkezteko beste erremediorik izan».
Dimisioa eman dutenen ustez, Rodriguez Susok eta Perezek behin eta berriz erakutsi dute ez direla euren lana egiteko gai: «Ondorio ezin okerragoak ekarri ditu haien kudeaketak». Beste ondorioen artean, Musikenen matrikula egiteko eskakizunen beherakada nabarmendu dute: «Eskakizunak %30a jaitsi dira».
Erakunde, politikari, alderdiei eta herritarrei Musikene berriz ere kalitate erreferente bihurtzeko laguntza eskatu diete: «Aurrerantzean erabiliko dugun estrategia egia kontatzea izango da». Irakasleek Musikenerentzako «beste eredu bat» lortzea posible dela uste dute, baina egungo arduradun gorenekin ezinezkoa dela adierazi dute: «Ez ditugu pribilegioak defendatzen, zentroaren kalitatea baizik. Horregatik lortu dute gure ikasleek leihaketak irabaztea, orkestra handietan izatea eta oposizioetan nota bikainak lortzea».