Udalak sustatutako etxe guztiak alokairuan eskaini behar direla dio Bilduk
Donostiarrek etxebizitza duin bat izateko eskubidea bermatzea Bilduren lehentasunetako bat izango dela argitu dute Juan Carlos Izagirre eta Jon Albizu hautagaiek.
Lehenik eta behin, benetako etxebizitza eskaria zein den jakin behar dela, eta horretarako, azterketa sakona egin beharra dagoela zehaztu dute. Bestalde, alokairuzko parke publikoa eratzeko apustua sendoa izan behar dela adierazi dute. Hala, Udalak sustatutako etxebizitza guztiak alokairuan banatu behar dituela aditzera eman dute.
Etxebizitza hutsekin amaitzea Donostiak duen erronka handia dela dio Bilduk. Hutsa zer den definitu eta errolda osatu ondoren, hutsik ez jarraitzeko zergak handitzea proposatu dute.