Juan Carlos Guerra kaleko 20. eraikinaren atzealdean erori da zumarra. (Argazkia: Mikel Goñi)
Miramonen eta Pasaiako portuan Euskalmetek dituen estazioetan ez zuten aparteko haize ufadarik neurtu astearte gauean. Beraz, hori bazter daiteke Bidebietako arbolaren erortzearen arrazoi gisa. Atzo eguerdian, zuhaitzak jo duen eraikineko bizilagunak udal zerbitzuek ingurunea garbitzeko zain zeuden.
Astearteko 22:00ak ziren Juan Carlos Guerra kaleko 20. eraikinaren atzealdearen kontra zumar bat erori zenean. Goiko pisuetako bizilagunek ez zuten ezer sentitu. Izan ere, goiko adarrek besterik ez zuten etxebizitza jo, enborraren zati nagusia mendia eta bertako terrazaren gainean gelditu baitzen.
«Zorionez ez zuen inor jo», azaldu du bertan dagoen bizilagun batek. Osteguneko eguerdia da, eta hiru pertsona eroritako zuhaitzari begira daude. «Udalekoek 9:00etan etorriko zirela esan dute, eta hemen ez da inor azaldu». Bizilagunak mesfidati azaldu dira. «Gaur –atzo– etorri ezean, astelehen arte ez dute kenduko, bihar ostirala da-eta».
Kexu azaldu dira Bidebietako bizilagun hauek aspaldian ez direlako inguruko zuhaitzak kimatu.
Eroritako zuhaitzaren adarrek beheko solairuko etxearen leihoak estatzen dituzte. (Argazkia: Mikel Goñi)
«Gainera, arbola hori ez da oso zaharra. Ez dute tximista batek edo haizeak bota. Gaixo zegoela uste dut, eta hori ez dute antzeman».
Lerro hauek inprimategira bidaltzeko garaian, eroritako zuhaitzak eraikinaren kontra jarraitzen zuen. Ez al dute kanpaina ondorenerako utziko!