Bizilagunen nahia gertuago dago
Bizilagunen eta Kalapie elkartearen eskaerei men eginez, Loiola eta Martutene artean bide berriak egiteko azterketa aurkeztu zuen Odon Elorza alkateak, udaletxean. Hala, bi auzoen artean oinezkoentzako eta bizikletentzako bi bide berri egiteko asmoa dutela aurreratu zuen alkateak. Cristina Rodriguez arkitektoa arduratu da aurreproiektuaz eta, Udalean harrera ona izan duenez, egitea erabaki dute. Aurretik, ordea, azterketak egin, proiektua ongi prestatu eta baimenak lortu behar dituzte. Beraz, datorren urteko udaberrirako prest egotea espero dute. Hori, beti ere, Udaleko gobernuan talde berdinak jarraitzen badu, edo agintari berriek onespena ematen badiote.
Aurreikusitakoaren arabera, 750.000 euroko kostua izango luke proiektuak. Alkatearen hitzetan, ez da bereziki garestia eta ez du zailtasun berezirik. «Behin bukatuta, Donostiako inguru laua lotuta geratuko litzateke bidegorrien bidez», adierazi zuen Elorzak.
Zehazki, herritarrek eskatu moduan, bi ibilbide egingo dituzte. Bata, erdigunetik Martutenera azkarrago iristeko; bestea, berriz, «naturaz gozatzeko» eta lasaiago joateko. Proiektu berean, auzoak eraberritzeko hainbat kontu ere barneratzen direla azaldu zuen Elorzak. Hala nola, espaloiak eta oinezkoen pasabideak hobetzea.
Aldarrikapena, bizikletaz
Martutene eta Loiolako bizilagunak kalera irtengo dira, gaur, bi auzoen arteko bide berriak eskatzeko. Astigarraga eta Martutene elkartzen dituen bidegorriaren hasieran elkartuko dira, 19:00etan, bizikleten gainean. Hortik Loiolarako bidea egingo dute eta behin helmugara iristean, askaria egingo dute, guztiek elkarrekin.