Kudeaketaren eraginkortasuna, ekonomiaren hobetzea eta azpiegiturak dira PPko alkategaiaren programaren bizkarrezurra. Horrekin batera, neurri eta proposamen zehatzen bidez aginte eredu berri bat abiarazi nahi du.
(Argazkia: Maitane Aldanondo)
Ramon Gomezek (Aiete, 1975), gaztea izan arren, urte asko daramatza politikan. Eibarko eta Donostiako zinegotzi izan ondoren, egun, Gasteizko legebiltzarrean dabil egun. Han bere jaioterriarekin obsesionatua izatea egotzi diote behin baino gehiagotan, eta harro dago. Pasio horrek bultzatuta, maiatzaren 22a ondoren aldaketaren alkatea bilakatzea espero du.
Udal politikara itzultzeko zerk bultzatu zaitu?
Donostiarekiko grinak eta gauzak aldatzeko anbizioak. Urte gehiegi daramatzagu politika berdinekin. Hiria hobeto kudeatu, eta Udalaren buru belaunaldi berri bat izatea nahi dut; aldaketa nahi duten donostiarrek aukerak badirela ikus dezaten.
Eusko Legebiltzarrean zabiltza. PPk babesten duen Patxi Lopezen gobernuak aurrekoen Donostiarekiko jarrera hobetu al du?
Aldatu da, baina gutxi, gu inplikatu garen alorretan. Aurtengo aurrekontuetan, hiriarekin lotura zuten gaietan murrizketa etengabea zen, eta oinarrizko proiektu batzuk, metroa esaterako, ez zeuden ondo gauzatuta. Lehentasunezko kidea garenez, hori hobetzeaz arduratu gara: Zinemaldiaren diru laguntza mantentzeaz; Jazzaldia, Hamabostaldia eta 2016ko Europako Kultur Hiriburutzako hautagaitza ondo ordezkatzeaz… Donostia kultura hiria da, eta hori Jaurlaritzaren aurrekontuetan islatu behar dugu.
Zeintzuk dira zuen programaren ildo nagusiak?
Kudeaketaren eraginkortasuna, ekonomiaren hobetzea eta hirirako ideia berriak, azpiegiturak.
Nola lortu Udal eraginkorragoa?
Udala enpresa gisa kudeatu behar da, eta horretarako, kontratuak, epeak, betetzeak… kontrolatuko dituen Zuzendari Nagusi bat izendatuko nuke. Kudeaketa eraginkorragoa eginez gero kostuak murriztu, eta onura ekarriko zaie herritarrei, zergen gutxitzearekin.
Nola hobetuko duzu ekonomia?
Hiriko langabezia tasa garrantzitsua da, ezin dugu 11.000 langabe izatea onartu. Ekonomia hobetu egin behar da aberastasuna sortzeko. Hiriko ekonomia zerbitzuetan oinarritzen denez, saltokiak, ostalaritza, turismo eta zerbitzu enpresak nahiz berritzaileak bultzatu behar ditugu. Bestalde, talentua geldiarazten saiatu behar gara.
Hiriarentzat zein ideia berri duzue?
Ez ditugu obra faraonikoak egin nahi, hiritarren bizitza eta kalitatea hobetuko dutenak baizik; Metroa, autobus geltoki berria,trenbideak lurperatzea edota Urumeako ibai parkea. Ibaiak ahotik Martuteneraino dituen 8 kilometroak bere onera ekarri, arrauna edota igeri egiteko erabilgarri izan dadin, eta hiriko harribitxi hau pasealekuarekin osatu.
Auzoetarako 500 proposamen bildu dituzue.
Dirua egiaz garrantzizkoa den gauzetan gastatu nahi dugu, auzotarrengan. Herritarren ekarpenak dira, auzo guztietarako. Altzan, esaterako, kalitatezko eta egiazko kirol azpiegiturak behar dituzte; ezin dute Auditz Akular egin arte itxaron. Eta Amaran, adibidez, erreforma integralarekin auzoa biziberritu behar da eta Karlos Ia kendu.
Alkate bazara, Igaran eta unibertsitatean TAO sistema kenduko duzula iragarri duzu.
Ez da oraingo kontua, alkateak sistema zabaltzea proposatu zuenetik aurka gaude. Mugikortasuna hobetu daiteke dirua bilduz edo aparkalekuak eginez. TAO sistema ezin da lanera eta ikastera doazenen dirua biltzeko bidea izan.Iluntzeko zortzietan etxera doanak bueltaka ibili gabe aparkatu ahal izatea nahi dute. Beharrezkoa da bizilagunek eskatzen duten tokietan, baina ez TAO gisa, bizilagunentzako aparkaleku gisa baizik. Baina marra zuriz margotzeak ez du dirua ematen; gorri eta urdinez, aldiz, bai.
Barruti bakoitzean polizi-etxea jartzea proposatu duzu. Segurtasun falta egiazko arazoa da ala pertzepzioa?
Seme eta, bereziki, alaba nerabeak dituzten gurasoei galdetuko nieke. Donostia ez da lehen zen hiri segurua, kaletik ez zoaz lehen bezain lasai. Jendeak kaleetan, plazetan… udaltzainak ikusi ditzan nahi dut, harremana izan dezatela eurekin. Izan ere, horrek aldatuko baitu hautematea. Presentzia iraunkorraz gain, udaltzainek udal arautegia betearaztea ere zaindu behar dute. Egun ez dute kontrolatzen, esaterako, zakurren gorotza jasotzen ez dute jabeen edo bizikletak ez dagokion tokitik dabiltzanen kasuan.
Nola konpon daiteke etxebizitzaren arazoa?
Politika erreal eta eraginkorrekin. Agintean 20 urte daramatzan gizonak ez du arazoa konpondu; are gehiago, Espainiako hiririk garestiena izaten jarraitzen dugu. Egin dezakedan zerbaiterako konpromisoa hartuko ditut, egiazko irtenbideak emanez. Babes ofizialeko etxeak egin behar dira, eta ez betiko promesak. Ezin dugu etorkizunaz, epe luzeko proiektuez eta betetzen ez diren promesez hitz egin. Alkateak 10.500 etxebizitza proposatu zituen agintaldi honetarako, eta 1.500 egin ditu.
Nola sustatuko duzu euskara?
Euskararekin ez dugu politikarik egin nahi. Inplikatu nahi dugu, eta zehar politikak egin alor eta zentzu guztietan. Ñabardura eta konfrontazio politikoetatik urruti, hiritarrek nahi duten hizkuntzan hitz egin ahal izatea, presiorik gabe. Euskara aberastasuna da, kultura eta ondarearen parte, hiriaren bereizgarria.
Zer iritzi duzu 2016 hautagaitzaz?
Hasieratik babestu dugu. Bitxiki, 2000 urtean guk proposatu genuen hautagaitzan parte hartzea, baina ez ziguten jaramon gehiegirik egin. Ezta Elorzak ere. Gero horren aldeko apustua egin zuen, eta pozik gaude. Espero dezagun lotzea Europar kulturaren mapan kokatuko baita hiria, eta hori oso ona izango da. Baina bakarra, alkateak hautagaitza bere egin izana da. Hiriarena da, jende askok osatutako kultura donostiar aberatsarena, ezin da proiektu norberekoia izan.
Elorzak bost agintaldi daramatza boterean. Berriro irabazle ikusten duzu?
Donostiarrek azken 20 urteetako kudeaketaren ala aldaketaren, bultzadaren, modernizazioaren eta belaunaldi berri baten aldeko apustua egin behar dute. Nik hori guztia irudikatu nahi dut, eta espero dut alkatea izatea. Elorzari eskertzen diot egin duena, baina aldaketa ordua da. Herritarrek dute hitza, eta erabakitzen dutena errespetatuko dut, baina aldaketa behar dela uste dut.
PP eta PSE arteko ituna posible al da?
Etorkizuna eta herria hobetu nahi duten alderdiekin ituna egin nahi dut: PSErekin, EAJrekin, Hamaikabatekin… 90ko hamarkadako gobernuak pluralagoak ziren, denek zuten sailen baten ardura. Guztiak inplikatuz lortuko dugu hiria aurrera ateratzea. Ez da ideologia hauteskundea, orain arteko kudeaketa ereduaren edo belaunaldi aldaketaren artean egin behar dute apustua.
Zer deritzozu Bilduren auziari?
Epaileen erabakia errespetatzen dut. Gorenaren eta Konstituzionalaren erabakiaren aurretik eta ondoren. Hori esanda, kanpaina honetan donostiarrak, hauen proiektuak, ideiak, ametsak… izan nahi ditut hizpide, ez Bildu.