Metroaren proiektuan inplikatzeko eskatu dio PSE-EEk Aldundiari
«15 urte daramatzat Altza Topoarekin lotzeko eskatzen», aldarrikatu du Odon Elorza PSE-EEko hautagaiak. Sozialistek Jaurlaritza gidatzen dutenetik Donostialdeko Metroari eman dioten bultzada azpimarratu du; egitasmoak behin betiko aurrera egin dezan, aldiz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren inplikazioa beharrezkoa dela zehaztu du. Honenbestez, inbertsioan parte hartzeko hitzarmen eskaeraren aurrean ixildu ez dadila, eta finantziazioa bere gain hartzeko konpromisoa har dezala eskatu du Odon Elorzak, «Bizkaiako Foru Aldundiak egin duen moduan», dio.
Eskaera hori Altzako osasun etxearen ondoan egin zuen alkategaiak. Altzatarrentzat Metrora heltzeko aurreikusita dagoen sarbideetako baten ondoan. Beste sarbideetako batek Auditz Akularrekin bat egingo duela azaldu du Elorzak. Harekin batera, Miguel Buen Gipuzkoako ahaldun nagusitarako PSE-EEko zerrendaburuak eta Iñaki Arriola Garraio sailburuak parte hartu zuten agerraldian. Biek ala biek EAJri egotzi diote Aldundiak orain arte jarrera argirik ez agertzea. Hori dela eta, Donostiako nahiz Gipuzkoako egitasmoak aurrera ateratzeko Odon Elorzaren eta Miguel Buenen arteko elkarlana «ezinbestekoa» dela azpimarratu dute.