Ion Martinez, Oteizaren larruan sartuta.
Ion Martinez antiguatarrak urtebete eman du eszenatokiz eszenatoki ‘Oteitza =/= gizartea’ obra taularatzen. Azken emanaldia Dokan egingo du, eta festa prestatu du ospakizun moduan. Ander Lipus aktoreak edo Beñat Gaztelumendi eta Maialen Lujanbio bertsolariak izango dira.
Iaz, Gazte Antzerki Topaketetan aurkeztu zuen ‘Oteitza =/= gizartea’ obra, Lugaritz kultur etxean. Hirugarren saria eskuratu zuen Ion Martinezek (Antigua, 1980). Ia urte bete igaro da, eta orduz geroztik hamasei emanaldi egin ditu Gipuzkoako gaztetxe, areto eta antzokietan.
Ostegunean, Dokan, taularatuko du azken aldiz Oteizari eskainitako antzezlana. Biraren bukaera ospatzeko festa antolatu du: «Amaiera duin bat eman nahi izan diot nire lehen obrari. Madrilen, antzerki talde batek obra baten bira bukatzen duenean festa handiak egiten dituzte. Antzerkiari ere garrantzia eman behar zaio; musikari baten diskoari, idazle baten liburuari, edota zinemagile baten filmari bezala».
Oteiza izango da protagonista. Oteiza, eta haren argiketaria. Bien arteko solasaldia baita ‘Oteiza =/= gizartea’. Ion Martinez bi pertsonaien larruan sartuko da. Zergatik eskultorea eta argiketari baten arteko solasaldia? Martinez argiketaria da lanbidez. Ander Lipus antzerkigileari erakutsi zion testua: «Oteizarekin hitz egiten zuen pertsonaiak argiketaria izan behar zuela esan zidan. ‘Zuk idatzi baduzu, ez duzu pertsonaia beste inon bilatu behar. Nik neuk egin behar nuela esan zidan. Eta horrela sortu zen nire pertsonaiarena egitearena egiteko ideia».
Eszenatokian, beraz, bakarrik egon arren, «oso eroso» sentitzen dela dio. Lehen Oteizaren argiketari izandakoa da Mikel izeneko pertsonaia: «Oteiza hil zen, baina oraindik haren museotik deitzen diote lan txikiak egiteko». Museora bidean, Oteiza ezagutu zuenekoa eta harekin izandako solasaldiak gogoratzen hasiko da. «Eskultorearen estudioan dagoela dirudi. Pixkanaka, Oteizaren gogoetak eta ideiak berreskuratuko ditu». Lanbidea ez ezik, Martinezek ere badu beste zerbait Mikelen pertsonaiarekin komunean: «Ni bezala, Oteizaren hitzek txundituta utzi zuten. Haren figura ezagutzeko jakinmina piztu zion».
Oteizaren pentsamenduak
Martinezi Kukai eta Tanttakaren OTEhITZAri BIRAKA ikuskizunak piztu zion zaletasuna. Egunkarian argitaratutako artikuluak bilatzen hasi zen, ‘Quousque Tandem’ irakurri zuen, Altzuzako museora joan zen… Haren munduan murgildu zen. «
Jende gehienak artistaz duen irudia da erretxin samarra zela. Amorruz hitz egiten zuen batzuetan, ironikoa zen besteetan… Baina Euskal Herriaren alde lan handia egin zuen: antropologia, euskara, kultura edota irakaskuntzaren inguruan, besteak beste. Eusko Jaurlaritzarekin tirabira handiak izan zituen esandakoengatik. Egun, aldiz, gehienok dagoena jasan egiten dugu».
Finean, Oteizaren prentsamenduak jaso nahi zituen Martinezek. Haren gogoetak taularatzea, gainera, ikusleengan jakinmina pizteko modua izan daitekeela uste du: «Neska gazte batek, obra ikusi ondoren ‘Quousque Tandem’ irakurri kontatzeko idatzi egin zidan». Oteiza ezagutu zuen amona bat ere izan dute ikusleen artean: «Añorgako emanaldira etorri zen. Obran, momentu batean, Mikelek bere irudimeneko alaba ateratzen du, eta Oteizak harekin hitz egiten du. Oteizak haren ilobekin ere horrela hitz egiten zuela esan zidan».
Antzezlana elebiduna da. Oteizak gazteleraz egiten du, eta Mikelek, berriz, euskaraz. Ez ditu Oteizaren hitzak itzuli nahi izan: «Berak ez zekien euskaraz. Haren pentsamenduak euskarara itzultzea ez zitzaidan naturala iruditzen».
Osteguneko festan, artista gonbidatuek Oteiza izango dute hizpide; Ander Lipusek, eta Maialen Lunjanbio eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek: «Pozik nago, Lipus nire jaungoikoa da. Eta hura etortzea pozgarria da. Maialen Lujanbio, gainera, bere momenturik onenean dago. Polita da bira haiekin amaitzea».
Ospakizuna 20:00etan hasiko da. Sarrerak 5 eurotan izango dira salgai.
Martinezek antzerkian idatzitako lehen obra eta lehen antzezpena izan da ‘Oteitza=/= gizartea’: «Lagun batzuen antzezlan batean paper bat egin nuen behin. Ondoren bakarrizketak egiten hasi nintzen, eta 19 urterekin lanean hasi nintzenetik zaletasuna handitzen hasi zen». Dokan, antzerki lehiaketa batean parte hartu zuen horren ondoren, «emanaldi gehiago lortu nituen. Baina zerbait sortu ahal izateko ikasi egin behar nuela konturatu nintzen. Bidaiatze bezalakoa da. Ez da bakarrik helmugara iristea; bidaia lehenago hasten da, prestatzen hasten zarenean».
Dagoeneko bigarren obra entseatzen hasi da Martinez. Oraingoan ez du bakarkako lana egin.
Saioa Royo egiatarrarekin batera ari da ‘Ispilua’ izeneko ikuskizuna prestatzen. Lugaritz kultur etxean aurkeztuko dute hurrengo ekainaren 22an. Bikoteen harremanen inguruko antzezlana da: «Bikoteak askotan larunbat gau batean ezagutzen dute elkar, eta gizarteak bikotekidea ez uzteko presioa egiten digu; harekin ezkondu, etxea erosi eta seme-alabak izateko». Martinezek kritikoa izatea du gustuko: «Oteizak ere hala zioen. Artea gizartea eraldatzeko tresna behar duela izan. Horregatik jarri nion Aldatzen laguntzen izena antzerki taldeari». Fikzioa eta errealitatea nahastu dituzte: «Antzezlanaren barruan bikoteei buruzko antzezlan bat egin dugu. Antzerki oso zuzena egitea gustatzen zait, inolako itzulingururik gabe».
Egitaraua:
20:00. Oteizari buruzko
bideoa.
20:15. Maialen Lujanbio
eta Beñat Gaztelumendi bertsolariak.
20:30. ‘Oteitza = /=gizartea’ antzezlana.
21:00. Ander Lipus aktorearen emanaldi berezia.
21:30. Luntx afaria.
22:00. Berbena: 3 gabe 2 taldea.