Auzoetako bizi kalitatea hobetzeko 50 ideia ditu Aralarrek
Sei hilabetez auzoz auzo ibili ondoren, auzoetako bizi kalitatea hobetzeko, 50 proposamen dituen zerrenda osatu du Aralarrek. Egitasmo horien artean, Trinitate plaza egokitu behar dela jakinarazi du, lehenik eta behin, Ainhoa Beola zerrendaburuak, Orixe ikastolako neska mutilek bertan jolastu eta Parte Zaharreko auzotarrek erabil dezaten. Frontoia estaltzea, beraz, beharrezkoa dela nabarmendu du, «auzoan ez dagoelako euria egiten duenean jolastera joateko eremurik».
Bestetik, Urbieta kaleko zahar etxeko sarbidea egokitu behar dela adierazi du. Eskailera mordoa dituela eta edadekoek bertara heltzeko arazoak dituztela ohartarazi du. Honenbestez, arrapalak jartzea beharrezkoa dela dio.
Herrerako bidegorri ibilbidea ere egokitu behar dela gaineratu du, bertan egiten ari diren lanak medio, auzotarrek bertatik bizikletaz ibiltzeko arazoak baitituzte. Easoko bidegorria ere egokitu beharko litzatekeela erantsi du. Ainhoa Beolak, era berean, ez du ahaztu lau urteotan auzo desberdinetan eraiki dituzten igogailuak gardenak izan zitezen Hirigintza sailarekin izan duen borroka. Oinezkoen segurtasuna bermatzeko, igogailuaren barrualdea kanpotik ikusi ahal izatea beharrezkoa dela dio.
Ainhoa Beolak, halaber, semaforoen maiztasuna errepide askotan luzatu behar dela adierazi du. Umeek, elbarriek edota orgatxoarekin doazen herritarrek sergutasunez gurutzatzeko zailtasunak dituzten auzoen artean, Herrera, Martutene eta Loiola izendatu ditu.