"Donostiarrei zerbitzatzera nator; langile bat gehiago izango naiz"
Ostalaritza udala eta udaltzaingoaren ‘jazarpen politika’ sufritzen ari dela dio Ramon Gomezek
Gaztetan urte luzez zerbitzari lanetan ibili zen Partido Popularreko Ramon Gomez alkategaia. Gaur Olaeta plazako agerraldian erretilua hartu eta bertan bildutakoak zerbitzatu ditu: «Gaur egiten ari naizena ez da berria, ezta beste egunetan egin ditugun jarduerak ere. Ez da arraroa ni mahai honetan zerbitzatzen egotea. Harro nago donostiarrei zerbitzatu diedalako tabernetan. Hain zuzen ere, donostiarrei zerbitzatzera nator», esan du PPko hautagaiak. Donostiarrei zerbitzatzea aurpegia eman eta konponbideak ematea dela azaldu du: «Donostiarrei zerbitzatzea ez da bakoitzak bere burua zerbitzatzea, ezta dominak jartzea ere. Lan egitea da, ekiteko prestatzea, esfortzu egitea, eta emaitzak ematea».
Ostalaritza, merkataritza eta turismoa bultzatzearen alde agertu da Gomez: «Turismo jarduera bultzatu behar dugu. Hiriaren BPGaren %25a delako, eta lanpostu asko sortzen dituelako. Hura laguntzeko eta bultzatzeko prest egon behar dugu. Bereziki krisi momentu hauetan; egoera larrienean dagoen sektoreetako bat delako. Lanpostuak eta aberastasuna sortzen jarraitu dezan lagundu egin behar diegu».
Ostalariei laguntzeko prest Turismoa udaletik babestu behar dela adierazi du: «Benetan babesa ematea, oztoporik ez jartzea da. Negozio berri bat edo lizentzia bat eskatzerasortzera datozenean ezin diegu harresi bat jarri udaletxean. Harresi hori apurtu behar dugu. Ekimen handiko donostiarrek Udalaren laguntza dutela sentitu behar dute».
Gomezek ostalaritzari oztopoak kendu nahi dizkio: «Agresio politikarik ez ezartzea da bigarren helburua. Jazarpen politika bat dago, udal gobernua eta udaltzaingoaren aldetik. Krisia ez ezik, haien agresioa ere sufritzen ari dira ostalariak». Aste Santuan Udalak zenbait tabernei isuna jarri ziela kontatu zuen, «ordutegien interpretazio kontu batengatik». Arazo horren harira, terrazak eta mahaitxo txikiak jartzen ari direnak ere jazartzen ari direla uste du: «Lagundu egin behar diegu, ordutegiak zabaldu, terrazen zergak jaitsi. Euskadin 50.000 pertsonek lan egiten dute sektore honetan. Donostiako ekonomiaren laurden bat merkataritza, ostalaritza eta turismotik bizi da. Babestu egin behar dugu. Politika eraginkorrak egin behar ditugu». Elorzari azken legealdian Garberaren zabaltzea eta merkatal zentroen alde egitea egotzi dio: «Benetako merkataritza babestu behar dugu. Erdialdeko eta auzoetako merkatariei lagundu behar diegu. Eta negozio berriak ireki nahi dituztenak lagundu, lokal asko baititugu itxita hirian. Badago negozio berriak ireki nahi duen jendea, baina oztopoak besterik ez dituzte aurkitzen».
Krisiaren kanpaina dela onartu du Gomezek, baina Elorzaren aldaketarekin «Donostia krisitik aterako dela» ziurtatu du: «Horregatik eskatzen dut gauzak aldatu nahi dituztenen botoa, krisitik atera nahi dutenena, hitza jaten dutenen politikariekin nazkatuta daudenena, udal gobernuak iruzur egiten diela sentitzen dutenena, eta betiko politikariez eta boterearen politikaz aspertuta daudenena».
Donostiarrei «benetan zerbitzatzera» datorrela azpimarratu du: «Donostiarrei zerbitzatzera nator, langile bat gehiago izango naiz. Hori da nik donostiarrekin dudan konpromisoa, eta hori egin nahi dut igandetik aurrera». Kanpaina honetan hain zuzen «ideiak, etorkizuna eta proiektuak» dituela erakutsi nahi du: «Gauzak beste modu batean egin daitezkeela uste dugu; hiria hobeto kudeatu dezakegula; emaitza hobeak lortu ditzakegula; krisitik atera gaitezkeela; etxebizitza eman diezaiekegula».