Erraustegiaren atzerapena eskatu du Bilduk Zubietan
‘Zero Zabor’ politika garatu behar dela aldarrikatu du; Donostiako ituna sinatu du
Bilduk Donostiako ituna sinatu zuen atzo Zubietan. Zubidon -Donostia Zero Zabor herri mugimenduak erraustegiaren aurka sustaturiko ekimena da. Hainbat sindikatuk, alderdi politikok eta gizarte eragilek izenpetu zuten urtarrilean. Zubietan eraiki nahi duten erraustegiari lau urteko atzerapena ezartzea eskatzen du itunak; epe horretan hondakinen kudeaketarako alternatibak abian jarri, eta emaitzak aztertu daitezen: «Horrela erraustegiaren beharrik ez dagoela erakutsi eta frogatu nahi diegu hainbat alderdi eta enpresei. Ez da beranduegi abentura ero hau gelditzeko. Erraustegira bideratuko diren hondakinen %90 birziklagarria dela kontuan izanik».
Zero Zabor programa garatu behar dela aldarrikatu dute, helburua ahalik eta hondakin gutxien sortzea izanik: «Gure gizarteak azaltzen duen espiral kontsumista gainditu eta zero zabor politika abian jartzearen alde egingo dugu». Era berean, jendartean eztaaida soziala piztu eta hondakinen kudeaketarako sistemarik onena eta emaitzarik onena ematen duena babesteko jarrera azaldu du koalizioak.