Euskarazko hedabideekin mahai bat osatuko dute EAEko instituzioek, baina ez dute bermatu eskatutako %25eko diru laguntzen igoera
Euskarazko hedabideetako ordezkariek bilerak egin dituzte azken asteetan Eusko Jaurlaritzarekin, Nafarroako Gobernuarekin, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako diputazioekin, euren egoeraren berri eman eta etorkizuna bermatu ahal izateko bidea irekitzeko. Sektorearen berri eman diete instituzioei, eta hainbat eskaera ere egin dizkiete.
Diru-laguntza publikoetan 2012rako %25eko igoera eskatu dute hedabideek krisiaren ondorioei hobeto aurre egin ahal izateko. Horretaz gain, publizitate instituzionalaren %25 euskarazko hedabideetara bideratu dadila eskatu diete, eta baita sektorearen eta instituzioen arteko mahai bat osatzeko, “gure egoera estuaz jarduteko”.
EAEko instituzioak prest agertu dira sektorearekiko harremanetan sakontzeko eta instituzioen eta sektorearen arteko mahaia osatuko da hedabideen egoera aztertzeko. Hori albiste “pozgarritzat” jo dute hedabideen ordezkariek, gune horretatik “elkar lanean krisi egoerari hobeto erantzungo zaiolako”.
Nolanahi ere, kezka ere agertu dute hedabideek, 2012ko diru-laguntzen igoera aipatzean, instituzioek krisia aipatuta eragozpenak jarri dizkietelako. Krisi garaian laguntza publikoak gora egin behar duela aldarrikatu dute euskarazko hedabideek.
Sektorearen egoeraz kezkatuta, otsailean Euskal Herri osoko 80 euskarazko hedabide baino gehiagok agerraldia egin zuten instituzioei konpromiso handiagoa eskatzeko. Orain, berriz, euskarazko komunikazioaren beharra ekarriko dute gogora kanpaina baten bitartez. Publizitate kanpaina datozen egun eta asteetan ikusiko da prentsa, irrati, telebista eta Interneten.