Internet, ikasbide eta lanbide
Krisi garaian lehentasuna eman ohi zaio enplegua berma dezakeen jakintzari. Hori da, besteak beste, Zubiri Manteo ikastetxeko arduradunek buruan zeuzkaten gauzetako bat Web Aplikazioen Garapena ziklo berria sortzeko garaian. Bi urteko ikasketa berriak euskara hutsez jorratuko ditu webguneak sortzeko teknikak, eta Europako hainbat herrialdetan praktikak egiteko aukera eskainiko die ikasleei.
Zubiri Manteoko arduradunek argi ikusten dute; lan eta enpresa alorrek gero eta garrantzia handiagoa ematen diote Interneti eta, beraz, enplegu aukera handiak daude bertan. Ideia hori buruan eta, Lan Heziketari dagokionez, informatika ikasketen erreferentzia izatea gogoan, Goi Mailako Teknikaria Web Aplikazioen Garapenean titulua sortu dute.
Ikasketa hauek, ordea, ez dira webgune soil eta estatikoak egiten ikasteko. Web programazioa, datu baseak, programazio lengoaiak eta eduki segida luzea sartzen dira ikasketa planean. Horrekin guztiarekin batera, Laneko prestakuntza eta orientabidea zein Enpresa eta ekimen sortzailea bezalako ikasgaiak izango dituzte, printzipioz, bi urte iraungo dituen titulurako bidean. Era berean, arduradunek diotenez, «zientzietan gaizki ibili direnek ere jarraitu ahal izango dute, den-dena hutsetik azaltzen hasiko garelako».
Berebiziko lana izan dute Informatika sailean, eta ikastetxean oro har, bi urteko zikloaren programa eta edukiak prestatzen. «Neketsua izan da, euskarazko material gutxi edo ezer ez dagoelako». Izan ere, hauxe da ikasketa proposamen berri honen beste ezaugarrietako bat: euskara hutsez izatea, alegia.
Praktikoa eta praktikekin
Helburua, gaiak eta hizkuntza finkatzeaz gain, metodologiaren nondik norakoak ezarrita daude. Informatika saileko arduradun Garbiñe Iriartek praktikotzat jo ditu ikasketa berriak. Beraien beste zikloak ere oso praktikoak direla esaten du Iriartek, «proiektuak garatzeko beharrezkoa den teoria besterik ez dugu irakasten».
Metodologia praktikoa ez ezik,tituluak hiru hilabeteko praktikak ere eskatzen ditu. Ikastetxeak berak kudeatzen ditu, eta Erasmus programari esker, ikasle batzuek praktikak Europako Batasuneko hainbat herrialdetan egin ahal izango dituzte.
Ikastetxeko arduradunek jakinarazi dutenez, arratsaldez izango dira Goi Mailako Teknikaria Web Aplikazioen Garapenean titulua lortzeko eskolak. «Modu honetan, lan egitearekin bateragarria izan daiteke».
Gehienez ere 25 ikaslerentzako tokia izango dute lehen urtean; hori dela-eta, biziki gomendatzen dute aurre-matrikula egitea ekainaren 1a eta 10aren artean. Matrikula, berriz, uztailaren 4aren eta 8aren artean egin beharko da. Baina, Internetarekin zerikusia duen zikloa izanik, www.zubirimanteo.com helbidean jaso ahal izango da informazio guztia, baita izena ematearen parte bat egin ere.