Irailerako geldituko ote zaie ikasgaia?
Ibaetako unibertsitateen inguruan TAO sistema ezartzeko saioek nahasmena eta harridura ekarri dituzte; atzo ere ez zuten isunik jarri eta hainbat txartel makina hondatuta zeuden.
Udaberriaren erdialdetik aurrera itxura bitxia hartzen du EHU-ren Ibaetako campusak. Eguzki izpiek eta azterketen gerturatzeak ikasleen ohiturak aldatzen dituzte. Aurten, aurreko biei gehitu behar zaizkio inguruan TAO sistemaren ezartzea ekartzen ari den gora-beherak.
Atzorako zegoen iragarrita Ibaetako aparkaleku arautuen sistema indarrean sartzea; hau da, txartela ezean, atzo ziren isunak jartzen hastekoak. Baina, Benta Berri inguruan gertatu bezala, unibertsitateen inguruan zigorrik ez zuten banatu TAOren langileek, informazioa baizik.
Langintza honetan dabilen batek, haserre, azaldu zuen beraien egoera. «Guk ez dakigu ezer, egunkarietan irakurtzen duguna besterik ez. Gaur bertan –atzo– lankide bati esan diote isunik ez jartzeko makinek ez dutelako funtzionatzen». Badirudi langile hauek ez dutela maiatzeko azterketa gaindituko.
Oso litekeena da beste ikasgairen bat gainditu gabe uztea, azalpenik jaso gabe baitaude. «Ez digute behar bezala azaldu nola den okupazio handiko ibilgailuen kontua». Izan ere, hori ere berritasuna izango baita TAOren ikastekoen zerrendan. Marrazki berri batek markatuko du hiru edo ikasle bidaiari gehiago duten kotxeak non aparka daitezkeen. Modu horretan, ikasturteak irauten duen bitartean, hiru ikasle txartela TAO makinetan pasatzen dutenek, egokitutako tokietan, merkeago utzi ahal izango dute kotxea.
Kotxedun ikasleek unibertsitateen inguruko errepide eta aparkalekuen geografia ederki ikasi beharko dute, ikasgaiak beste lezio bat duelako. Hain zuzen ere, ohiko eta ikasle prezioak dituzten zonaldeei, doakoak gehitu behar zaizkiolako. Euskal Herriko Unibertsitatearenak diren eremuetan, ikasle irakasle eta bertako bestelako langileek doan aparkatzea izango baitute.
Askorentzat errazagoak izan ohi dira ikasgai praktikoak. Baina horretan badirudi gutxiegiak ere jasoko dituztela hainbatek. TAOko langileak kexu azaldu dira, oraindik ere isunak jartzeko tresna informatikoak ez dituztelako jaso. Bestetik, jendea ere ez da oraindik ohitu abian dauden makinak erabiltzen, «matrikula sartu behar da hauetan, gehienezko denbora jendeak gaindi ez dezan».
Gai teorikoak direla, praktikoak direla, badirudi ikasgaia irailerako geldituko zaiela TAO sistemaren arduradunei. Edo, agian, azterketa hauteskundeen ondoren izango al da?