Amaia Astigarraga eta Mikel Edeso izan dira aurtengo lehen irabazleak (Argazkia: Maitane Aldanondo)
Amaia Astigarraga eta Mikel Edeso ikasle donostiarrek jaso dute ‘Altuning Pro Gipuzkoa’ saria. Unibertsitate truke egonaldian oinarrituta, Gipuzkoa hobetzeko proposamen onenak egin dituzte bi gazteek.
Beti dago zer hobetu, eta horretarako besteek darabiltzaten eredu berritzaileak egoki izan daitezke. Hori sinetsita, Altuna Fundazioak Altuning Pro Gipuzkoa lehiaketa abian jarri zuen iaz. Honen bidez, ikasketak medio atzerrian izan diren ikasle gipuzkoarrek, ikusitakoan oinarrituta, Gipuzkoa hobetzeko proposamenak egiten dituzte. Aurtengo lehen deialdiko sariak joan den ostiralean banatu zituzten Azkoitian. Bi donostiar izan ziren garaileak: Amaia Astigarraga (Gros, 1988) eta Mikel Edeso (Gros, 1990).
Biek ala biek, aste gutxiko epean, Danimarka eta Herbeheretan egindako hilabetetako egonaldia baliatu dute beraien proiektuetarako. Ideia egokia aurkitzen izan dute lan gehien, baina ahaleginak ordaina izan du: 3.000 euroko diru saria. Zertarako erabili erabakitzea ez zaie horren korapilatsu izan. Astigarragak AEBtan egingo du karrera amaierako proiektua, eta bidaiaren kostua arinduko du horrekin. Bitxiki, AEBtara hegaldia ordainduko du diruarekin, Edesok udan herrialde horretan egingo baitu egonaldia.
Birziklapenetik, dantzara
Saria parte hartzeko pizgarria izan bazen ere, ekimen interesgarria iruditzea erabakigarria izan zen. Astigarragaren hitzetan, “gure gizartea eta pentsamoldea aldatu nahi badugu, ezin dugu gauetik egunera egin, pixkana joan behar gara egiten. Detaile txikietan oinarritzen da aldaketa”. Apirilean hasi zen bere lanarekin. Gai bakarra aztertu beharrean, egungo bizitzan garrantzizkoak diren hiru adibide eredugarri hartu zituen Kopenhagetik: birziklapena, garraio publikoa eta unibertsiteko irakaskuntza. Gauzatzen erraza izateaz gain, harrera ona izango luketela kontuan hartu zuen.
Birziklapenari dagokionez, daniarrek saltokietan erabiltzen duten sistema proposatu du. Hau da, beirazko nahiz plastikozko lata edo botilak erostean diru kopuru gehigarri bat ordaintzen dute; eta hauek itzultzean, saltokia erabilgarri den kopuru bereko bonoa jasotzen dute. Garraioaren kasuan, berriz, hilabeteko lehen igandean garraiobide publikoak doakoak dira, hiritarrek zerbitzua ezagutu eta aurreiritzi txarrak uxatzeko. Azkenik, hezkuntza eredu dinamiko eta parte hartzaileagoa dute. Honen bidez, ikastea jarraituagoa, dinamikoagoa eta errazagoa dela uste du Astigarragak. “Tecnunen Ingeniaritza Industriala ikasten ari naiz. Irakasleak teoria azaldu edo ariketa egiten du, eta ulertu ez arren, ikasleek ez dituzte zalantzak galdetzen. Han, berriz, irakasleak ariketa egiteko haina teoria azaldu, eta ikasleek taldeka garatu behar dute. Ez dute galdetzeko lotsarik”.
Gai teknikoetatik urrunduz, Edeso kultur munduan murgildu zen. “Zerbait ekonomikoagoa edo teknikoagoa egin behar zela uste nuen, eta ekonomiaz ez dakit asko –dio barre artean–. Originaltasuna kontuan hartzen dutenez, 2016ko hautagaitzaren inguruko eta Herbehereetan ikusitako ekitaldi pila gogoratuta, dantzaren ildotik jotzea erabaki nuen”. Ondo ezagutzen du alor hori Edesok, Madrilgo Carlos III Unibertsitatean ikus entzunezko zientziak ikasteaz gain, dantzaria ere baita. Zehazki, dantza kontserbatorioa egitea proposatu du. Egoitza bakarrean dantza eskola guztiak bildu, eta Gipuzkoako hiri nahiz herri nagusietan kontserbatorioaren zuzendaritzapeko eskola txikiak sortzea.
Euskal dantzaren modernizatzeari bultzada emateko erabilgarri izateaz gain, herritarrei onura ekarriko liekeela uste du Edesok, dantzak “gorputzaren espresioa, talde lana eta enpatia bultzatzeko balio baitezake”. Egindako lanean sinesten du eta gauzatzeko borrokan jarraitzeko asmoa du, nahiz eta gabeziak argi izan. “Proiektua ezagutarazteaz gain, kontaktuak eta jende garrantzitsuaren nahiz politikarien inplikazioa behar da”.
Gipuzkoatik zer esportatu?
Beste saridunaren babesa jada badu Edesok. “Oso ideia ona da. Elkarrekin dantzatzen dugu, eta beti komentatzen dugu Euskal Herrian dantzari harrobi oso ona dagoela, baina horri indarra emateko kontserbatorioa eta kale ekintzak behar direla. Norbaitek dantzari izan nahi badu, kanpora joan behar du, eta 15 urterekin hori egitea erabaki gogorra da”. Ondo daki zer dioen, bide hori hartzear izan baitzen. Edesoren oniritzia ere badute Astigarragaren ideiek. “Amaiak proposatzen duena Alemanian, Danimarkan eta Herbeheretan asko egiten da. Botilen birziklatzea oso interesgarria eta aplikatzen erraza da”.
Kanpotik hona zer ekarri jakin arren, Gipuzkoatik Danimarkara edo Herbehereetara zer eramanago luketen galdetzean, erantzutea ez zaie erraza egin. Astigarragak alaitasun gehixeago emango lieke daniarrei. “Trenean bakoitza berera eta isilik joaten dira. Gu hizketan joaten ginen, eta begira gelditzen zitzaizkigun. Zaratatsuagoak gara”. Edesok, berriz, gastronomiarekiko gustua. “Hango supermerkatu guztiak berdinak dira, eta jakiak ere bai”.
Kanpoko ereduak, Gipuzkoari egokitu
Altuning Pro Gipuzkoa egitasmoa Altuna Fundazioak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Kutxaren Gizarte Ekintzarekin elkarlanean, sustatuko sariak dira. Partaideek Gipuzkoak epe ertain eta luzera dituen erronka estrategikoei erantzuteko beste herrialdeetako esperientzia berritzaileak jaso, eta Gipuzkoaren errealitatera moldatu behar dituzte. Nazioarteko trukerako unibertsitate programetan parte hartzen duten ikasle guztiei zabalik dago.
Aurtengo bigarren deialdian parte hartu nahi dutenek, irailaren 2a baino lehen izena eman behar dute
www.eukide.eu webguneko Gipuzkoa hobetzeko inkesta beteta, edo
gizartekutxa@kutxafundazioa.es helbidera idatzita. Amaia Astigarraga saridunak parte hartzera animatu ditu gazteak. “Gazteok pentsatzen dugu gure ideiek ez dutela ezertarako balio, baina sari honek erakusten dute ez dela horrela. Ausart daitezela, eta ondo ateraz gero, saria aparta da”.