Txikia, baina borrokalaria
Gipuzkoako Ligako txapelduna izendatu dute Alde Zaharra kirol elkarteko saskibaloi taldea; datorren denboraldian maila Autonomikoan jokatuko du garaipenari esker.
Bretxako Beiztinberri taldearen aurka finala 81-75 irabazi ostean, Jose Antonio Gaska izeneko garaikurra eskuratu zuten Alde Zaharra Kirol Elkarteko gizonezkoek, maiatzaren 8an. Gauzak hala, Alde Zaharra Gipuzkoako txapelduna da eta datorren denboraldian Liga Autonomikoan jokatuko du. Liga bikaina egin ostean, lauko finala jokatzeko sailkatu zen Alde Zaharra. Finalerdietako lehian, Oiartzungo Saskilagunak taldeari 77-62 irabazi zion. Beiztinberrik, berriz, Easo Berri garaitu behar izan zuen, 69-79. Finala, etxean jokatu zuten eta, irabazi ostean, kopa jaso zuten. «Partida bukatzean taldekideak eta bikoteak elkarrekin bazkaltzera joan ginen. Gero, ospakizuna berandu arte luzatu zen», esan du Elena Martinez taldeko delegatuak.
Iñaki Ugartek zuzentzen duen taldeak ongi pentsatu behar izan du mailaz igotzearen erabakia. Izan ere, kirol arloan lortutakoa, ez dute ekonomikoki mantentzeko erraza ikusi. «Urteak generamatzan helburu berarekin. Gutxienez txapeldunak izan nahi genuen; igotzea beste gauza bat da. Bereziki esfortzu ekonomikoa da; epaileak ekartzea, fitxak egitea eta bidaiatzea garestiagoa izango da», aipatu du delegatuak. Kirol mailari dagokionean, ordea, ez dute beldur handiegirik. «Liga Autonomikoak eta orain arte jokatu dugunak ez dute alde handiegirik. Alde handiena, orain erasorako 24 segundo izango ditugula izango da, orain arte ez genuena». Alde Zaharra taldeko jokalarietako batzuk zortzi urte daramatzate taldean, eta, 28 urte inguruko batezbesteko adina dute. Hala ere, badituzte 37 urteko jokalariak ere. Euren arazo handiena, kirol instalazioena da. Parte Zaharrean ez dutenez toki estalirik, Altzako kiroldegian entrenatu eta jokatu behar izaten dute, ez baitute beste aukerarik.
Taldearentzako publizitatea
Alde Zaharra elkarteak hainbat kirol uztartzen ditu. Saskibaloian, zehazki, lau talde ditu, gizonezkoen bi eta emakumezkoen beste bi. Orain arte, Gipuzkoako lehenengo bi mailetan jokatu dute gizonezkoen taldeek. Emakumezkoenak, berriz, batak Gipuzkoan dagoen senior liga bakarrean jokatzen du eta, besteak, Espainiako Bigarren Mailan.
Klub txikia izanik, maila igoera taldearentzako publizitate onuragarria izango dela pentsatu du delegatuak. «Ez gara Easo edota Donostiako Atletiko bezain ezagunak. Oso klub xumea gara eta talde gutxi ditugu. Urteen poderioz ezagunagoak egiten ari gara eta Liga Automikora igotzeak horretan lagunduko digu. Niretzako Gipuzkoatik kanpo gure izena ezagutzera ematea oso garrantzitsua da». Horri esker, jokalariak erakartzeko erraztasuna areagotu dezaketela uste du. «Donostiarrak hain ñoñoak garenez, Eason bakarrik jokatu nahi du jendeak. Hori baita talde ezagunena. Baina zure taldeak gauzak ongi egin baditu, jokalariek geratu nahiko dute».
Alde Zaharra
- Plantilla. Felix Pitxon, Alberto, Axier, Aitor Sister, David Micht, Heber, Edu, Gorka, Merino, Tristan, Alex, Kepa eta Lasa.
- Entrenatzailea. Iñaki Ugarte.
- Delegatua. Elena Martinez.