Alderdi guztiekin elkartu badira ere, Aralarrek bakarrik barneratu du eskaera bere programan
Haritzaldeko Joseba Gurutz De Vicente eta Ekologistak Martxaneko Pilar Martin
Sei natur talde eta herritar elkartek –Parkea Bizirik, Haritzalde, Ekologistak Martxan, Eguzki, Ugara eta Guardetxea-Banda Bat– Egiako parkea kudeatuko duen Patronatua sortzea nahi dute. Azken asteetan beren asmoa ezagutzera eman diete udal alderdiei, beraien hauteskunde egiratauetan barnera dezaten eskatuz. Gehienek aldeko jarrera izan, eta zentzuzkotzat jo dute proiektua. Hala ere, Aralarrek bakarrik egin du bere proposamena; Udalera eramango duela adieraziz.
Patronatuaren egitekoa parkearen eta bere basabizitzaren alde lan egitea izango litzateke, aholku lotesleak emanez. Ingurumen zinegotzia buru, ingurumen teknikariek eta boluntarioki lan egingo luketen natur zaleek osatuko lukete. Eredu honek “gardentasuna eta parte hartzea” bultzatuko lukeela nabarmendu du Haritzaldeko Joseba Gurutz de Vicentek. Egiteko nagusitzat, flora eta fauna basatiaren kontserbazio nahiz berreskuratzea, eta ingurumen gaiekiko sentsibilizatzea izango lituzke. Horrez gain, parkearen kudeaketa Udalaren Hiri Mantentze sailetik Ingurumenekora pasatzea nahi dute. Izan ere, azken 20 urteetan “parkeko anfibioen eta ugaztunen heren bat iraungi da sozialisten agintaldian”, gogorarazi du De Vicentek. Egitasmoaren eredutzat Sevillako Maria Luisa parkea edo Granadako Alhambra hartu dituzte.