Elorza: «Lanak ez badira 2012an hasten bagoaz etxera»
Datorren agintaldirako PSE-EEk ezarri duen lehentasunetako bat babestutako etxebizitza sustatzea da. Zehazki, Auditz Akular eta Txomin Eneako etxebizitza egitasmoak abian jartzea izango da buruhausterik nagusiena. Erronka horri aurre egingo diotela zalantzarik ez du Elorzak eta argi eta garbi adierazi du: «Auditz Akular eta Txomin Eneako lanak ez badira datorren urtean hasten bagoaz etxera». Makinak ordurako lanean ez badira, alkatetza utziko duela errepikatu zuen Elorzak atzoko agerraldian beste behin. Adierazpenok egia bihurtzeko buru belarri ariko direla ziurtatu du.
Konpromiso hau betetzeko, halere, udal taldeen laguntza eskatu du, nahiz eta azken boladan izan duten jarrera kritikatu. Izan ere, EAJ eta Bildu Auditz Akularren alde ez daudela adierazi du Jorge Letamendia orain arteko Hirigintza zinegotziak. Alkateak ere ez du PPko zerrendaburua etxebizitza egitasmo sorta antolatzen ikusten, «ez dutelako ez hemen ez Espainia osoan egin».
Azken agintaldiko egitasmoek Aralar eta Alternatibaren laguntzarekin egin dutela aurrera zehaztu du Elorzak. Orain, berriz, horien alde egiteaz zergatik lotsatzen diren galdetu die PSE-EEko hautagaiak.