Fernando Aranburu idazle donostiarraren ‘literatur bidaia’
Literaktum jaialdian parte hartuko du; Ernest Lluch kultur etxean izango da bihar, osteguna, 19:30ean.
Fernando Aranburu idazleak Alemania du bizileku. Gaur, ordea, bere jaioterrira itzuliko da, Literaktum jaialdian parte hartzeko. Juan Manuel Diaz de Gereñu irakasle eta kritikoarekin solasean haren Literatur bidaia izango du hizpide Ernest Lluch kultur etxean. 1985. urtetik bizi da Alemanian. Pedagogian urte luzez lan egin ondoren, egun idatzi besterik ez duela egiten adierazi du: «2009ko udatik, irakurri eta idatzi egiten dut. Besterik ez. Nerabezaroko ametsa bizitzen ari naiz. Arrain bat arrain ontzian bezala nago».
Poeta gisa ekin zion literatur ibilbideari. Bere lehen eleberria, Fuegos con limon 1966an kaleratu zuen. ‘Los ojos vacios’ (Euskadi Saria, 2001), ‘El trompetista del Utopia’, ‘Vida de un piojo llamado Matias’, ‘Bami sin sombra’ eta ‘Viaje con Clara por Alemania’ iritsi ziren ondoren. Era berean, ‘El artista y su cadaver’ prosa laburren liburua; eta ‘No ser no duele’ eta ‘Los peces de la amargura’ (Espainiako Errege Akademiaren Saria, 2008) ipuin liburuak argitaratu ditu. hil honetan ‘El vigilante del fiordo’ plazaratu berri du. Bere auzoan, Ibaetan, 60ko hamarkadan girotutako liburua idazten ari dela esan du: «Proiektu zaharra da, baina amaitu ezinik nabil. Lotsa ematen dit nolabait nire senideen eta nire bizitza pribatua kontatzea».
Jaialdiaren beste emanaldi batean ere izango da Aranburu. Alemaniako Gunter Wallraff kazetariaren hitzaldia aurkeztuko du ostiralean, 19:30ean, Okendo kultur etxean. ‘Periodismo encubierto: destapando injusticias sociales’ izenburua du hitzaldiak. Wallraf 60ko hamarkadan hasi zen kazetari gisa lanean. Etorkinen eta herritar baztertuenen egoera larriak salatu zituen ezkutuan egindako ikerketen ondoren: «Mozorrotu egin da hainbat enpresatan pertsona hauek bizi duten benetako egoera ezagutu ahal izateko; eta ikusi duen guztia idatzi egin du», azaldu du Aranburuk.