Gorka Ramonedak klubaren denboraldiaren inguruko balantzea egin du (Argazkia: Estitxu Zabala)
Alde batetik, pozik dago Gorka Ramoneda, GBCko presidentea den aldetik. «Taldeak helburua lortu du, ACB Ligan mantentzea. Lehiaketa gogorra da eta lau jardunaldiren faltan ziurtatua genuen helburua», adierazi du Ramonedak, prentsarekin egindako gosarian. Hala ere, guztia ez dela gustura geratzeko modukoa izan onartu du. «Ongi hasi ginen eta laugarren postuan ere egon ginen. Baina Manresa eta Valentziaren aurka galtzeak min egin zigun. Gero, bolada txarrean murgildu ginen. Azkenean, zapore gazi-gozoa geratu zaigu; gozoa helburua lortu dugulako, baina gazia, gehiago lor genezakeelako». Horixe da Ramonedaren balantzearen muina, bertan gogoratu baitu, aurten ere, bigarren aldiz jarraian, Kopan sartzeko zorian egon dela taldea. «Denboraldi hasieran ez genuen buruan Koparako sailkatzea, baina aukera hori eskuetan izan ondoren, kolpe gogorra izan zen».
Edonola ere, presidentea oso harro dago taldeak etxean eman duen itxurarekin. «Partidaren bat kenduta, etxean oso ongi jokatu dugu. Gainera, talde handien aurka irabazteko zorian egon gara. Hala ere, kazetariekin ados nago, etxetik kanpo itxura kaskarra eman dugula esaterakoan». Beti ere, gogorarazi nahi izan du talde guztiek izan dituztela etxetik kanpo irabazteko zailtasunak.
Momentuz, fitxaketarik ez
Lagun Arorekin datorren denboraldirako kontratua duten lau jokalari daude: Javi Salgado, Andy Panko, Jimmy Baron eta David Doblas. «Ez daukagu epe motzera fitxaketarik egiteko asmorik. Uda oso luzea izango da eta merkatua mugitzen hasi arte itxarongo dugu». Hori aipatuta ere, jokalari askoren eskaintzak dituztela eman du aditzera. «Maila jakin bateko jokalari askoren ordezkariek gugana jotzen dute, badakitelako hemen jokalariei ordaindu egiten diegula».
Abonatuei dagokienean, pozik agertu da Ramoneda, klubak dituen 6.000 bazkideekin. «Urtero bezala, uztailean egingo dugu berritze kanpaina eta bazkideen iritziak jasotzeko inkesta bideratuko diegu. Oso garrantzitsua da guretzat bazkideen iritziak jasotzea. Iaz, Realaren partidekin bat ez egitea eskatu ziguten, eta, eskatutakoa bete dugu». Edonola ere, hari horri tiraka, ACBko zozketa ez dela guztiz benetakoa kontatu du. «Lehen Mailako futbol partida garrantzitsuek saskibaloikoekin bat ez egiteko moduan antolatzen dute».
Motos eta Brizuela
Gipuzkoako harrobia ere mintzagaia izan dute gosarian. Izan ere, Easoko bi jokalari Junior oso maila ona ematen ari dira; Mikel Motos eta Dario Brizuela. Euren kategoriako Espainiako Txapelketan parte hartu dute eta talde handiek eraman nahi dituzten zurrumurruak egon dira. «Gaur egun oso zaila da junior batek jauzia ematea, 20-22 urterekin iristen dira jokalariak ACBra». Edonola ere jokalari horien familiekin hitz egin dutela argitu du Ramonedak. «Pausoz pauso hazi behar dute. Ez diegu ACB eskaini, ez luketelako minuturik izango. Iraurgin jokatzeko aukera eman diegu, Zilarrezko LEB mailan, baina ez dugu erantzunik jaso».