Ermuako San Pelayo ikastetxeko haurrak, Ontzi Museoan bisitan. (Argazkia: Mikel Goñi).
Goiz iritsi dira gaur Kaiko Ontzi Museora Ermuako San Pelayo ikastetxeko haurrak. Maiatzaren 18ko Museoen Nazioarteko Eguna, ospatzeko primerako modua aukeratu dute: Donostiako Kaian Baleazaleak erakusketa ikusi ondoren, Eureka! Zientzia Museoa ikustera igo dira.
Ermuatik iritsi eta Amagoiak egin die harrera Kaiko museoan. Baleak eta baleazaleen inguruko hamaika kontu dituzte zain. Hala ere, beraiek hainbat gauza badakizkite lehenagotik ere. «Baleak ugaztunak dira», esan dute batera gidariak galdetu dienean.
Bisitariek ez dakite, ordea, euskal baleak autobus bikoitzaren luzera izatera irits daitezkeela, «eta horiek baino lodiagoak zirela», gaineratu du Amagoiak. Aho zabalik entzun dituzte hamarna datu. Bitxia gertatu zaie, esaterako, aspaldiko arrantzaleek auto baten neurria zuen bale-mingaina apaizarentzat gordetzen zutela jakitea.
Minutuak ziztuan pasatu dira. Haurren arreta ahultzen hasi denean, Amagoiak bale olio potoa atera du. Mendeetan kale eta etxeak argiztatzeko erabili zen gaia usaintzeko aukera izan dute. Eskutik eskura ibili da botila; aurpegiek argi utzi dute produktuarena kiratsa dela usaina baino.
Harriduraz ikasi dute, Galizia aldean XX. mendeko 80ko hamarkadara arte segitu duela balearen arrantzak; beraiek oso argi dutelako «ugaztun» hauek babesteko beharra. Agian horrexegatik, Ermuako gazteek izan dituzte gustuko bisitako beste kontu batzuk. Ikerrek argi utzi du; «ontzirik handiena izan da gehien gustatu zaidana». Besteren bat, ordea, Eureka! Zientzia Museoan ikusiko duen espazio ontzian pentsatzen dihardu, museoek horrelako denbora saltoak ahalbidetzen dituztelako.
Ermuako San Pelayo ikastetxeko haurrek balea produktuen usaina ezagutu dute. (Argazkia: Mikel Goñi).