Juan Karlos Izagirre, Bilduren alkategaia (Arazkia: Mikel Goñi).
(Igeldo, 1963) aurpegia berria da udal politikagintzan. Hala ere, Bilduko kide independenteak badu herrigintzan eskarmentua, hainbat elkarteetako kidea izan baita. Bildu gobernatzera iritsiz gero, Udalaren informazioaren jarioa areagotuko dela dio igeldotarrak. Hiria hazi gabe, beste 3.000 etxebizitza egin daitezkeela uste du Izagirrek. Koalizioak euskararen alorrean ere baditu proposamenak.
Kanpaina bera hasi arte ez duzue jakin aurkezterik izango zenuten.
Egoera latza izan da, eta zein estatu antidemokratikotan bizi garen guztiz adierazten duena. Azkenean, poza ere bai, noski. Honek bere kaltea izan du; kanpaina beranduago hasi dugu-eta. Biktimista izatea ere leporatu digute, kanpaina egin digutela eta abar. Hori esaten dutenei zera esango nieke, egoera aldatuko niekeela. Kaltea besterik ez digu ekarri.
Ezker abertzalearen, Eusko Alkartasunaren eta Alternatibaren botoa jasotzekoak zarete.
Guk beste irakurketa egiten dugu. Guretzat Bildu gauza berria da. Egia da Alternatiba eta Eusko Alkartasuna alderdiak zatiketetatik datozela, eta independenteon egoera ere hor dago. Ikusteko dago etorriko diren botoak; baina, guk ilusio handia daukagu eta badakigu ezkertiar, soberanista eta independentista den jendeak gu izango gaituela erreferente. Bestalde, gure ardatz nagusiak hauek dira: parte hartzea, gardentasuna, finantzazio hobea lortzea eta kulturan zein euskaran aldaketa sakonak.
Odon Elorza, 20 urte karguan. Berriro alkate ikusten al duzue?
Nahikoak egin ditu. Azken batean, osasun politikoagatik ere, muga batek egon beharko luke. Horrenbeste urte karguan emateak badu arriskua. Agian, Elorzak berak bizi izan duena: pertsonalismoan erortzea. Eta hor funtsezko gauza bat galtzea, gauzak adostu eta besteen parte hartzea bilatzea.
Udalbatzarra alderdi askok osatuko dute. Zein nahiago du Bilduk itunetarako?
Bilduk argi dauka langaz betetako lasterketa daukagula aurrean. Lehendabiziko langa pasatu genuen, ezberdinen artean programa bat osatzea. Bigarren langa, aurkeztu ahal izatea izan da. Hirugarrena, 22an hautestontziak ilusioz betetzea. Hautestontziek esango dute; gu, berriz, edozein gauzetara irekita gaude.
Euskararen alorrean zer proposatzen duzue?
Gure diagnostikoa da badagoela hemen betetzen ez den Euskararen Ordenantza. Ordenantzarekin ados egon gaitezke, baina ez da bete. Donostiak aitzindari izan behar du; gune hiritartuen artean Donostia da euskara gehien erabiltzen dena. Beste lekuetarako erreferentzia izan behar du. Gipuzkoan, Irun, Eibar edota beste herrialdeetako hiriburuetarako ere. Euskara izango da Bilduren hizkuntza eta gure eskutan badago Udalarena ere. Gure helburua ez da Udala bakarrik euskalduntzea, hiri osoa baizik. Prest gaude lankidetza osoa izateko euskalgintzan dabiltzan eragileekin. Aurrekontuaren %2 eman nahi diogu euskarari. Bestalde, proposamen berritzailea ekarri dugu: Euskararen Udal Patronatuaren egitura desegin, eta Udalaren egituran txertatuko genuke. Organigrama barruan araudia betearaztea errazago izango da. Donostia euskalduna berreskuratu nahi dugu manipulatu egin delako Donostian zein hizkuntza erabili diren. Bestalde, babes bereziko guneak planteatzen ditugu Igeldo, Zubieta eta Añorgan. Nolabait biztanle gehienak euskaldunak diren guneak.
Zein izan daiteke Udalaren papera krisiaren konponbidean?
Krisi garaian, prekarietateak eta langabeziak gora egiten dute. Udalaren eskumenak kontuan hartuta, zerbitzu sozial publikoek gora egin beharko lukete, nabarmen. Lan alorrean, lan duina ziurtatzeko politika egin behar du, bai bere langileekin eta bai Udalak kontratatzen dituen enpresei klausula sozialak ezartzean. Bestalde, gutxieneko errenta ziurtatu egin behar zaie herritar guztiei.
Etxebizitza da donostiarren arazo nagusietako bat…
Etxebizitzaren gaia herritarren eskubide gisa jorratu beharra dago, interes ekonomikoen alorretik atera behar da. Behar beharrezkoa da aztertzea zein eskaintza eta zein eskaera dagoen Donostian. Eskaera zerrendetan akats batzuk egon daitezke, badagoelako minimoetara iristen ez den jendea. Eskaintzaren ikerketa serioa ere egin behar da, etxe huts asko dagoelako, 4.000 eta 10.000 mila artean. Hutsik zergatik dauden jakin beharko litzateke. Hori jakinda hasi beharko genuke arazoari konponbidea ematen. Berehalako konponbidean Donostia gehiago ez haztea planteatzen dugu, lur gehiago ez okupatzea, ekimen guztiak izatea hiritargarriak diren eremuetan gauzatzea. 3.000 etxebizitza gehiago egin litezke hazi gabe. Eta etxe hutsak kontuan hartuta, eta guk Loiolako kuarteletan aurreikusten dugun esku-hartzean eskaera osoa ase egingo litzateke. Bestalde, egingo liratekeen etxebizitza publiko guztiak alokairuan beharko lukete izan.
Zer proposatzen duzue AHT edota zaborren erraustearen inguruan?
Ingurumenaren aldeko apustua egiten dugu, argi. Bilduren printzipioa da Abiadura Handiko Trena, edota errauste planta, bezalako azpiegiturak egin baino lehenago informazio kanpaina sakona eta gizarte eztabaida sortzea. Horien ondoren hartu beharko litzateke erabakia. Erraustegiaren kasuan luzamenduaren alde gaude.
Herritarren parte hartzearen inguru proposamenik al duzue?
Orain indarrean dagoen araua Auzoak eta Partaidetza izena du, eta guk deitu nahi diogu Informazioa eta Partaidetza, zaila iruditzen zaigulako informaziorik gabe jendeak parte hartzea. Hori gauzatzeko deszentralizazioan oinarrituko ginateke. Informazio guztia banatu nahi dugu; zinegotzien soldatak, aurrekontuak, lehiaketetan parte hartzen duten enpresak… Dena sartu nahi dugu. Guk uste dugu Donostia barruan daudela bizigune naturalak, 18 bat gutxi gora-behera, eta bizigune horietara iritsi beharra dago. Bulegoak egongo lirateke artekari lanak egiteko. Baina, tresna asko ditugu horretarako: web orria, kultur etxeak, zahar etxeak eta abar. Era berean, gauza zehatzak proposatzen ditugu, besteak beste, plenoetan pertsona batek galdera egiteko eskubidea izatea, Gobernu Batzordea beste alderdiei, behintzat, irekitzea… Aurrekontu parte hartzailea abian jartzeko lehen gauza litzateke, sekulan egin ez dena.
Donostiako auzo eta guneak oso ezberdinak dira. Hau kudeatzeko zer proposatzen duzue?
Bildun argi ikusten dugu edozein herrik daukala bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea. Donostian, egun, badaude hiru gune, Zubieta, Altza eta Igeldo, herritzat har daitezkeenak, eta Bilduk errespetatuko du herri horiek diotena. Herri horiek esaten badute deszentralizazioa gutxi dela, eta gehiago nahi dutela, Bilduk errespetatuko du, gehiengoa nahi duena baldin bada.
Udalaren finantzazioa handitzeko beharra aipatu duzue. Nola proposatzen duzue hau egitea?
Diru publiko guztia herritarrek jartzen dutela gogoan izan behar da. Jasotako diruaren zati bat Madrilera doa, Gasteizera… eta zati bat Udalera iristen da, %9a bakarrik. Ehuneko hori igo beharko litzateke, baina, baita hasieratik banatzeko kopurua ere. Guk Aldundiak iruzur fiskalaren aurka egin dezan nahi dugu; elkarte zerga igotzea, ondare zerga berreskuratzea, diru sarrerak gehiago izan daitezen. Gero, jasotako horretatik, udaletara bideratzen dena handitzea planteatzen dugu. Gero Udalak berak kudeatzen dituen hainbat zergatan aldaketa ere planteatzen dugu, iruzurra egon daitekeenetan jarraipena egitea, eta, gero, Udalaren zerga politikan gutxien duenak ba gutxiago ordaintzea planteatzen dugu.