Susana Soto zuzendaria eta Montse Fornells (San Telmo Museoaren Lagunen Elkartea).
Egilea San Telmo Museoaren bultzatzaileetako bat izan zen; oraingoz ez da ikusgai izango
Museoak jada bere bilduma iraunkorrean du ‘Zelaia’ olioa. Orain, San Telmo Museoaren Lagunen Elkarteak haren zirriborroa eman dio dohaintzan. Pedro Alejandrino Irureta (Tolosa, 1851-1912) margolariarena da. Montse Fornells buru duen taldeak horrela ospatu ohi du Museoen Eguna; San Telmori artelan bat eskaini ohi dio. Halere, oraingoz depositoan gorde dute, eta ez da museoan ikusgai izango.
Iruretak Gipuzkoako herri bateko nekazarien lana irudikatu zuen bertan. Pieza «berezia» dela azaldu zuen Fornellsek: «Zirriborroa museoan dagoen pieza originala baino txikiagoa da. Mihise gaineko olioa da ere. Interesgarria da, artistaren lan metodoa eta sorkuntza lana ikus daitekeelako. Kuadro bat ez da ustekabean sortzen. Originala eta zirriborroa konparatzean argi ikusten da Iruretak lan handia egin zuela aldez aurretik». 1892ko Madrilgo Arte Ederren Erakusketan aurkeztu zuen orain museoak eskuratu duen zirriborroa: «Artistentzako erakusleiho bikaina zen, beraz, Iruretarentzat garrantzi handiko artelana zen».
Eugenio Arruti edo Antonio Maria Lekuona margolarien belaunaldikoa izan zen Irureta: «XIX. mendearen erdialdean erromantizismoaren haustura ekarri zuten. Errealismo kostunbristaren korrontearen aitzindariak izan ziren. Herritar umilenen egunerokoa irudikatzen hasi ziren; arrantzaleena, nekazariena, artzaiena, langileena… Haien alde apustu egin eta haiek bihurtuko dira protagonista. Gipuzkoan hasi zen mugimendu berria», azaldu du Fornellsek.
Irureta Tolosako udal marrazki eskolan hasi zen ikasten. Gasteiz, Bartzelona, Madril eta Erroman ikasketak osatu ondoren Donostiara etorri zen eskolak ematera: «Haren eskoletan margolari handiek ikasi zuten. Elias Salaberriak, besteren artean. Lezotik etortzen omen zen egunero oinez». Fornells pozik agertu zen aurkezpenean, San Telmo berriztatuan zeudelako jada: «1992. urtetik, elkartea sortu zenetik, San Telmo berria izan dugu amets. Galzorian zegoen museoaren alde egin dugu orduz geroztik». Iruretak, hain zuzen, udal museoaren sorreraren alde egin zuen XX. mende hasieran: «San Telmoren lehen egoitzan, Garibai kalean; eta egun Correos den eraikinean ere, azken hau Arte Ederren eskola ere izan baitzen».