Saies eta Lazkano, Espainiako Kopako onenak
Donostia Kayakeko kideek urrezko domina bana eskuratu dute euren kategorietako 200 metroko proban
Begoña Lazkano, Donostia Kayakeko piraguista:
“Gero eta distantzia motzagoetan, hobeto moldatu naiz”
Begoña Lazkano (Trintxerpe, 1994) hamar urterekin hasi zen piraguismoan eta ordutik Donosti Kayakeko kidea da. Espainiako Kopan Jubenil mailako txapelduna izan da, 200 metroko proban.
Nolatan hasi zinen piraguismoan? 10 urterekin hasi nintzen. Lagun batekin udako ikastaro bat egin nuen eta gustura aritu ginen. Gero, klubean jarraitu genuen beste urtebetez eta, orain arte.
Nola moldatzen zara entrenatzeko? Egunero entrenatzen dut, astelehenetan izan ezik. Astean zehar arratsaldeetan entrenatzen dut eta asteburuetan, berriz, goizez. Zortzi gara taldean eta ordu eta erdi inguruko entrenamenduak izaten dira.
Non entrenatzen duzue? Eguraldi ona hasten denean, egunero uretara ateratzen gara. Badian edo Kaia inguruan ibiltzen gara. Neguan, hotza egiten duenez, gimnasioan egoten gara eta korrika egitera irteten gara.
Ekaitz Saies entrenatzaile izatea luxua izango da. Duela gutxi hasi nintzen berarekin entrenatzen. Oso jatorra da eta beti gauza berriak irakasten dizkit.
Zein probatan parte hartzeko prestatzen zara? Aurten denetarako prestatzen ari naiz; maratoia eta pista. Hala ere, momentu honetan garrantzia handiagoa ematen diogu pistari, olinpikoa delako. Pistan 200, 500 eta 1.000 metroko probak sartzen dira.
Zein da zure gogokoena? 200 metroko proba gustatzen zait gehien. Oso azkarra da, 46 segundo inguru bakarrik irauten du.
Markak hobetzea zaila izango da, ezta? Denbora pertsonalak hobetzea oso zaila da. 200 metrokoa, esaterako, oso laburra da eta denbora jaistea zaila egiten da.
Nola doakizu denboraldia? Espainia mailako hiru lehiatan parte hartu dut. Sevillan, martxoan, seigarrena geratu nintzen 2.000 metroetan. Duela hilabete Asturiasen, 1.000 metroetan hirugarrena izan nintzen. Galizian, kopa irabaztea lortu dut. Gero eta distantzia motzagoetan, hobeto moldatu naiz.
Nolakoa izan da Kopako esperientzia? 200 metroko proba egin nuen eta lehenengo 27 sailkatuek erlojupeko proba egin genuen. Gero, finalerdietara pasa eta finalerako sailkatu nintzen. Eguraldi txarra zegoenez, bertan behera geratu zen 500 metroko proba eta 200 metrotako finala igandean jokatu genuen, bederatzi onenek.
Irabaztea espero zenuen? 200 metroko proba batean lehiatzen nintzen lehen aldia zen. Ekaitzekin horretarako prestazen aritu naiz, baina banekien maila handia zegoela. Finalera iristea espero nuen, baina irabaztea sekulakoa izan zen. Ilusio handia egin zidan eta Kroazian jokatuko den Europako Txapelketan partzeko sailkatu naiz.
Orain zer geratzen zaizu? Espainiako maratoian parte hartuko dut eta Madrilgo beste neska batekin Munduko Txapelketarako txartela lortzen saiatuko naiz, K-2an. Uztailan Espainiako pistako txapelketan ere parte hartuko dut, Munduko Txapelketarako sailkatzeko.
Joan den asteburuan lehia bizia egon da Galizian, bertan jokatu baitzuten Espainiako Kopa. Donostia Kayakeko Ekaitz Saies eta Begoña Lazkano protagonista nagusietako bi izan ziren. Bai batak eta bai besteak urrezko domina bana eskuratu baitzuten. 200 metroko probako errege-erreginak izan ziren; bata absolutuan eta bestea, jubeniletan. Hala, dagokien kategoriatan, Europako Txapelketarako txartela lortu zuten bi piraguistek.
Argi dago abenduan izandako lesioa erabat ahaztua daukala Saiesek. Martxoan, ustekabean urrezko domina lortu zuen Portugaleko Nelo Winter Challengean, 200 metroko proban. «Psikologikoki oso gogor hasi nintzen lanean eta hau lan horren guztiaren emaitza da», adierazio dio Saiesek Irutxuloko Hitzari. Galiziara ere irabazteko asmoarekin joan zen Parte Zaharrekoa: «Zaila zen, baina irabazteko asmoarekin joan nintzen. Europarako sailkatzeko era bakarra irabaztea zen». Europako Txapelketan, 200 metroetan dominaren bat lortu nahi du. Horretaz gain, Saiesek 500 metroetakoan parte hartzeko aukeratua izaten saiatuko da. Edonola ere, abuztuko Munduko Txapelketa du helburu nagusitzat, Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko balioko baitu.
Saies, gainera, Begoña Lazkanoren entrenatzailea da eta poz bikoitza izan zuen Espainiako Kopan gertatutakoarekin. Etorkizun oparoa izan dezakeen kirolaria da Lazkano.