Udal Gobernuan "inprobisazioa nagusi" dela adierazi du Eneko Goiak
Egungo alkateak gauzak etikoki oso zuzen egiten ez dituela salatu du Eneko Goia EAJko zerrendaburuak. Jokabide horren erakusgarri, hauteskunde kanpaina bete-betean dela, Jolastokietako parkea txukunduko dutela aditzera emateko alkateak Altzako bizilagunei bidalitako eskutitza aurkeztu du.
Eskutitz horrez gain, PSE-EEk azken egunetan «hasteko pronto» dituen egitasmo sorta zerrendatu du Goiak: autobus geltokia, Sagueseko pasabidea, Donostialeko Metroa edota Auditz Akular aipatu ditu. «Ezaguera dudanetik ikusi ditut etxebizitza egitasmo honen planoak», erantsi du. Kasualitatez denak oraintxe hasiko direla adierazi du jeltzaleak ironikoki.
«Udaletxeko juerga»
Horrek guztiak Elorzaren Gobernuan «inprobisazioa nagusi» dela erakusten duela baieztatu du alkategaiak. Inprobisazioaz gain, Illunbeko, Arcco merkataritza guneko, Hydrako auziak edota «etxebizitza makroproiektuen atzerapena udaletxeko juergaren adierazgarri» direla gaineratu du Eneko Goiak.
Alkategaiaren hitzak indartzeko, EAJko ahaldun nagusirako hautagaiak, Markel Olanok, sozialistek egoera ekonomiko estuen aurrean kudeatzeko dituzten zailtasunak azaleratu ditu. «Udalak zorpetu eta gastu arrunta kontrolatzeko duten ezintasuna» jarri ditu Markel Olanok adibide gisa.
Goiaren hitzetan, hogei urteotan Elorzaren kudeaketa «ezin txarragoa eta gardentasunik gabekoa» izan den bitartean, jeltzaleak arazoei aurre egiteko prest daudela eta horretarako, «zorrotasunez, zintzotasunez eta gardenki» ariko direla ziurtatu du.
113 milioi euro
Nahiz eta hiria gidatu duten alderdiak PSE-EE, Alternatiba eta Aralar izan diren, EAJk ere Donostia garatzeko lan handia egin duela azpimarratu du Eneko Goia alkategaiak. Madrilen egindako lanari esker, 2006-2011 urte artean hiriko hainbat proiektutarako 113 milioi euro bideratu direla azpimarratu du. Diru horrekin, besteak beste, Biomagune, Cidetec edota Tabakalerak aurrera egin dutela azaldu du.